Larrabasterra hobetzeko proposamenak bilduko ditu Sopelako Udalak

Ander Zarraga 2022ko mar. 29a, 13:48

Sopelako Udalak Loiola Ander Deuna kaleko Karmengo ermita erostea aurreikusi du. © SOPELAKO UDALA

Apirilaren 2ra bitartean, Larrabasterra hobetzeko ideiak batu eta Udalaren proposamenak aurkeztuko dituzte Urgitxieta plazan jarri duten moduluan. Bestalde, epe berean, galdetegi birtual bat ahalbidetu dute udal-webgunean eta Sopelako etxebizitza guztietara helarazi dituzten esku-orrietan.

Sopelako Udala Larrabasterra ingurua hobetzeko prozesu parte-hartzailea ari da egiten egunotan. Azaldu dutenez, martxoaren 26tik apirilaren 2ra bitartean egiten ari diren egitasmoari esker auzoa hobetzeko proposamenak bildu gura dituzte. Izan ere, Udalak hainbat proiektu aurreikusi ditu auzoko aisialdirako guneak biziberritzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta kultur azpiegiturak suspertzeko, besteak beste.

Zehaztu dute Urgitxieta plazan jarduketak egin gura dituztela "atseginagoa izan dadin", eta Iberre parkea berdegune bihurtzeko esku-hartzeak egitea aztertuko dutela. Horretaz gain, inguruko kaleetan ere egokitzapenak egiteko aukerak proposatuko dituzte, hala nola irisgarritasunaren, espaloien, asfaltoaren eta argiteriaren hobetze-lanak.

Gainera, Udalak Loiola Ander Deuna kaleko Karmengo ermita erostea ere aurreikusi duela azaldu dute udal-iturriek. Bertako lokalak kulturarako gune berriak izan litezke, baina ezer erabaki aurretik, "bizilagunei eta gunearen balizko erabiltzaileei ere entzun nahi zaie, zer erabilera mota izango liratekeen interesgarriak jakiteko".

Josu Landaluze alkateak azaldu duenez, Udalak Ugeragako eremua dinamizatzeko eta biziberritzeko prozesu parte-hartzailea gauzatzeko konpromisoa hau zuen 2021eko aurrekontuetan.

Oposizioaren iritzia

EH Bilduko ordezkariek azaldu dute prozesuagaz ez daudela "erabat ados", udal-gobernuak ez baitie metodologiaren eta proiektuen inguruko informaziorik eman. Hala ere, onartu dute prozesua garrantzitsua dela eta auzokideak horretan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Gaineratu dutenez, Karmengo ermita erosteko egitasmoa garestiegia da: "Eliza Katolikoari ezin zaio hainbeste diru publiko eman". Horren ordez, bestelako aukerak proposatu dituzte: batetik, Mankomunitateko lokalak berreskuratzea eta, bestetik, Arabeta kaleko lur sailean ekipamendu kultural berriak eraikitzea.

Modulu eta galdetegi birtuala

Galdetegia egiteko eta proiektuak ezagutzera emateko Udalak modulu mugikor bat jarri du Urgitxieta plazan apirilaren 2ra arte. Horren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara da. Bertan, jarduera-eremuaren infografiak azaltzeaz gain, auzoa hobetzeko proposamenak ari dira batzen.

Horregaz batera, Udalak galdetegi birtual bat ere prestatu du. Horren sarbidea udal-webgunean edo Sopelako etxebizitzetara helarazi duten esku-orrietan jarritako QR kodean eskuratu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun