Aizkorriko hondartzan apo lasterkariaren habitat garrantzitsua aurkitzen da, baina hazkuntzarako behar dituen tokien muturreko baldintzak direla-eta, Sopelakoa bezalako proiektuak ezinbestekoak izan daitezke espeziearen epe ertaineko biziraupenerako. Izan ere, Epidalea calamita espeziearen kostaldeko populazioa galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatu dute berriki Basafauna eta Itsas Landarediko Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren eguneratzean.
Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoen argibideei jarraiki, Sopelako Kiribile elkarteak egin zituen lanak honako hauek izan ziren: kanpoko landaredia kentzea, inguruan pilatutako hondakinak biltzea eta putzuaren barruan landaredia eskuz kentzea. Enborrak ere jarri ziren inguruan, urlehortarren, odonatuen eta putzua koloniza zezaketen beste intsektu batzuen babesleku gisa.
Halaber, gune hori errespetatzeko garrantzia azpimarratu dute, "hurbil ibili gabe eta, jakina, Sopelako itsaslabarrak bezalako ingurune sentikor eta paregabean hondakinak utzi gabe".