Txapelketa apirilaren 30ean izango da, eta, ordura arte, antolatzaileek osatutako esaera zaharren zerrenda ikasi beharko dute izena eman duten parte hartzaileek. Izan ere, txapelketaren gakoa honakoa da: egunean zehar, bertsolariek hainbat bertso kantatuko dituzte, eta taldeek asmatu beharko dute zein esaera zaharrari dagokion bertso bakoitza. Ez dago esaerak edozein modutara esaterik, bakoitza zerrenda ofizialean agertzen den modu berean adierazi beharko da, hau da, berbaz berba eta hizkiz hizki.
Hala, eguerdiko 11:30ean ekingo diote jaialdiari Sopelako udaletxeko plazan. Bertan, ibilbideak zehaztu eta, 12:00ak aldera, musikariek zein ALBEko bertsolariek lagunduta, lehenengo fasea hasiko dute tabernaz taberna. Ondoren, 14:30ak aldera, 15 euroren truke, herri-bazkaria egingo dute udalerriko Artadi garagardotegian eta, ostean, 17:00ak aldera, finalaurrekoak jokatuko dituzte. Horietan sailkatuko direnek, Ainhoa Agirreazaldegi eta Etxahun Lekue bertsolarien laguntzaz, finala jokatuko dute, eta puntu gehien lortzen dituen taldeak jasoko du txapela. Aurreikusten dutenez, lehia 19:00-19:30ak aldera amaituko da.
Esaera zaharren zerrenda osoa deskargatzeko, hemen.