Aste Santuan Berango eta Sopela arteko Burdin Hesiaren arrastoak ezagutzeko eta Bizkaiko Flysch-a esploratzeko aukera izango dute bisitariek eta eskualdeko herritarrek, Sopelako turismo bulegoak antolatu dituen bisita gidatuei esker. Bisita horien helburua udalerriko turismoa sustatzea da, hain ezagunak ez diren Sopelako beste alderdi batzuk nabarmentzeko eta memoria historikoa bultzatzeko, hain zuzen.
Sopela-Berangoko Burdin Hesiaren gotorlekuak ikusteko ibilbidea apirilaren 16an egingo dute, zapatuan, 11:00etan. Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoan amaituko den bisita hau doakoa izango da eta ibilaldiak bi orduko iraupena izango du.
Sopela eta Berango lotzen dituen Burdin Hesiaren zatiak ibilbide polita oparitzen die bisitariei Munarrikolandako kordalean barrena. Bertan, tiratzaile-putzuak, metrailadore-habiak, harpe pasiboak eta multzo gotortuak aurkitu daitezke. Laburbilduz, Guda Zibilean euskal herriak bizi izan zuen egoera latzaren ideia egiten laguntzen diguten eraikin militar multzoa.
Flysh eta bere itsaslabarrak
Meteoritoaren aztarna aurkitzen izeneko Bizkaiko Flysch-aren bisita apirilaren 17an izango dute, 11:00etan. Kasu horretan ere doakoa izango da, baina parte-hartzeko gutxieneko adina bost urtekoa izango dela zehaztu dute antolatzaileek.
Bisitaldian, Arriatera-Atxabiribil hondartza zeharkatuko dute bertaratzen direnek, Flysch eta bere itsaslabarrak begietsiko dituztelarik, baita dinosauroen desagertzea markatzen duen K/T muga ere. Bizkaiko Flysch-a Euskadiko erakargarritasun geologiko handienetakoa da, naturagune horrek, lurraren historiako sekretu handienetako batzuk gordetzeaz gain, edertasun neurgaitza ere baitu.
Izen-emateak
Bisita bietan plazak mugatuak izango dira, beraz, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea turismo@sopela.eus helbide elektronikora idatzita, izena, abizenak, harremanetarako telefonoa eta parte-hartzaileen kopurua adierazita.