Surfean aukera-berdintasuna lortzeko proiektu berria sortu dute Sopelan

Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 10:21

© AMESTEN

Surf Denontzat ekimena aurkeztu dute Peñatxuri Surf Eskolak, Haszten eta 3dlan elkarteek eta Sopelako Udalak. Proiektu horren helburua da surfa modu jarraitu, egonkor eta profesionalean egiteko aukera ematea pertsona guztiei, kirolarien beharrak beteko dituen diziplina anitzeko talde bategaz. 

Surf egokituaren alorreko erreferentziazko puntuetako bat izateko lanean jarraitzen du Sopelak. Ildo horretan, Peñatxuri Surf Eskolak, Haszten elkarteak eta 3dlan elkarteak, Sopelako Udalagaz elkarlanean, Surf Denontzat proiektua aurkeztu dute, pertsona guztiei surfa modu jarraitu, egonkor eta profesionalean egiteko aukera eskaintzeko ekimena.

Programa aniztasun funtzionala duten eta surf-eskola espezializatu batean parte hartu gura duten pertsonei dago zuzenduta. Era berean, surfing egokitu-inklusiboari buruzko lan-ereduak ezagutu eta norabide horretan ekimenak sustatu gura dituzten pertsona eta erakundeei ere dago zuzenduta.

Proiektua surfaren esparruan kirol egokitua bultzatzeko beharretik sortu zela azaldu dute bultzatzaileek, eta 2019an egin zen Euskadiko Nazioarteko Surf Egokituko Txapelketan hasi zen itxura hartzen: “Txapelketa horretan sinergia asko zehaztu ziren eta nazioartean surfaren munduagaz eta, bereziki, surf egokituagaz lotutako hainbat proiektu interesgarri ezagutu genituen. 15 urte generamatzan surf egokituaren alorrean lanean, baina puntualki, ez zehatz-mehatz, eta eguneroko jardunaldien eskasia eta surf egokituaren berezko gabeziak ikusita, proiektu hau aurrera eramatea erabaki genuen surfaren gizarteratzean eta aukera-berdintasunean modu profesionalizatuagoan laguntzeko”, nabarmendu zuten Peñatxuri Surf Elkartetik.

Proiektu egonkorra

Bestalde, Haszten Bizkaiko kirol egokitu eta inklusiboaren sustapenean esperientzia zabala duen elkartetik uste dute “lehen surfing egokitu eta inklusiboaren inguruan egin diren ekimenak lagungarriak izan direla praktika horiek gero eta eskuragarriagoak izan daitezen pertsona guztientzat”, baina, hala ere, “norabide horretan proiektu egonkorragoak eta luzeagoak behar direla sumatzen dugu”.

Horregatik, proiektua abian jartzeak aukera emango diela diote, tartean diren erakunde guztien artean, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat ahalik eta irisgarriena izango den surfing programa egokitua eta inklusiboa eskaintzeko, lan-eredu eta metodologia inklusiboa diseinatzeko, hain zuzen ere.

Proiektu horren azken helburua inklusio-eremuan espezializatutako lantalde batetik abiatuta, epe luzerako surf-eskola egonkor bat sortzea da. “Pertsona guztiek, beren gaitasun intelektualak, sentsorialak edo fisikoak alde batera utzita, surfa urte osoan praktikatzeko aukera ematen duen proiektu bat sortu dugu. Guk urteak daramatzagu desgaitasunen bat duten pertsonen bizitza errazten, diseinuaren, 3D inprimaketaren eta teknologia berrien bidez, software eta hardware libreak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz”, nabarmendu zuen 3dlan elkartetik.

Sopelako Udalaren izenean, Josu Landaluze alkatea “pozik” agertu zen beste behin, kirolerako sarreraren egokitzapenaren bidean parte hartzeagatik: "Surf egokitu inklusiboko proiektu bat da, geratzeko iritsi dena eta hainbeste surflariri merezi duten babesa eta jarraitutasuna ematen diena”.

Proiektuak honako alderdi hauek lantzen ditu nagusiki:

  • Diziplina anitzeko lana: proiektu hau hainbat prestakuntza akademiko, espezializazio eta esperientzia profesional dituen pertsona-talde batek osatzen du, eta elkarregaz lan egiten dute arazo komun bat konpontzeko, hainbat ikuspegitatik aurre eginez.
  • Surfinga egiteko aukera egonkorrak, metodologia inklusibo baten pean dauden dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat.
  • Surf egokitu eta inklusiboko ikastaro jarraitu eta progresiboak, urte osoan zehar astean hiru egunetan eskaintzen dira (martitzen, eguen eta zapatuetan).
  • Erabilitako metodologiaren oinarriak jasotzen dituen lan-eredu profesional eta egokitua.
  • Surfera bideratutako gaitasunak ebaluatzeko sistema.
  • Fisioterapia: fisioterapia zerbitzua programan izena eman duten kirolari guztientzat.
  • Akonpainamendua: taldeak modu aktiboan parte hartuko du parte-hartzaile bakoitzaren esperientzian, surfagaz eta kirolagaz lotutako txapelketetara eta ekitaldietara laguntzeko lana eginez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun