Sopelako 2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen faseari ekin diote

Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 11:19

© SOPELAKO UDALA

Prozesuaren lehen fasea maiatzaren 16tik 29ra bitartean egingo dute herritarren proposamenak batzeko. Aurrekontuetako 100.000 zertara bideratuko diren aukeratzeko ekarpenak modu telematikoan zein aurez aurre formalizatu ahalko dira.

Sopelako 2022ko aurrekontu parte-hartzailea abiatu dituzte gaur, maiatzak 16. Horiei esker, udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek eta Sopelan egoitza soziala duten elkarte, fundazio edo erakundeek erabaki ahalko dute zertan inbertitzen den 2022ko ekitaldiko kontu orokorretako 100.000 euroko aurrekontu-partida.

Prozesuaren lehen fasea maiatzaren 16tik 29ra bitartean egingo dute eta, horretan, herritarrek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Bigarren fasean, aldiz, lehentasuna emango zaie aurrekontu parte-hartzaileak bozkatzeko fasera igarotzen diren planteamenduei.

Prozesu horretarako, Udalak 100.000 euro bideratuko ditu aurrekontuko partida gisa. Ekarpenek udalaren eskumenekoak, interes orokorrekoak eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izan beharko dira, etorkizuneko gastuak arriskuan jarri gabe. Gainera, gehienez 40.000 euroko kostua izan beharko dute (BEZik gabe) obretarako eta 15.000 eurokoa (BEZik gabe) gainerako proiektuetarako.

Parte hartzeko bideak

Udal-iturriek azaldu dutenez, herritarrek online aurkeztu ahal izango dituzte beren ekarpenak, maiatzaren 16tik aurrera udalaren webgunean gaituko duten galdetegi baten bidez eta udalerriko etxeetan postontzietan jarriko diren informazio-liburuxken QR kodeen bidez.

Era berean, udaletxean gaitutako hautetsontzi baten bidez, aurrez aurre parte hartu ahal izango dela gaineratu dute. Bestalde, maiatzaren 20an, barikua, udaletxeko plazan eta maiatzaren 21ean, zapatua, Urgitxieta plazan, karpa informatibo bat jarriko dute, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Horretaz gain, herritarrengan sor litekeen edozein zalantza argitzeko eta prozesu parte-hartzailearen faseen berri emateko, maiatzaren 19an Jubilatuen Etxeak informazio-saio bat egingo dute 19:00etan.

Sopelako alkate Josu Landaluzek azpimarratu duenez, “aurrekontu parte-hartzaileak herritarren partaidetzarako eta udalerriaren kudeaketarako tresnak dira eta haien helburua eragile guztiak batzea da, baliabide publikoak hobeto kudeatzeko eta herritarren eta administrazioaren arteko harremana hobetzeko”. Hori dela eta, tokiko gobernuak modu aktiboan parte hartzera animatu ditu herritarrak: “Udalerriaren beharrei buruzko ideiak eta proposamenak eginez”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun