LGTBI pertsonen askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borroka aitortu dute Sopelan

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 12:58
Josu Landaluze alkatea, Aldarteko Inmaculada Mujica, Jose Antonio Nielfa "La Otxoa", Zinegoko Sinead Meagher, Naizengo Ander Lasa eta Teresa Fernandez zinegotzia. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak bat egin du askatasunaren eta berdintasunaren aldeko ekimenakaz, eta, horregatik, gaur, maiatzak 17, homofobia, transfobia eta biofobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, kanpaina berri bat abiatu duela iragarri du. Gainera, borroka horretan ari diren pertsona eta elkarte ezagunen lana ere aitortu dute.

Astelehen honetan, maiatzak 16, Sopelako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Bizkaiko LGTBI eskubideen alde borrokatzen duten pertsona eta kolektiboei eskerrak emateko ekitaldia egin du Sopelako Udalak. Horretarako, Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka lanean urteak daramatzaten kolektibo eta pertsonei aintzatespena eman diete: Aldarteko Inmaculada Mujicari, Naizeneko Ander Lasari, Zinegoakeko Sinead Meagherri eta Jose Antonio Nielfa La Otxoa-ri.

Udal-iturriek azaldu dutenez, errekonozimendua, aldarrikapena beren bizitzaren parte egiten dutenak adoretu eta balioesteko izan da. Hurbileko pertsonak eta erakundeak, errekonozimendua merezi dutenak eta eredu gisa balio dutenak, beren testigantzagaz atzerapenaren arriskuaren aurrean urratsak emateko eta lortutako eskubideei eusteko beharra erakusteko.

Gogoratu dutenez, 1990eko maiatzaren 17tik, OMEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuen egunetik, data horrek balio esanguratsua dauka lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualentzat, euren eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzailea baita.

Hori dela eta, Sopelako Udalak sexu-aniztasunarekiko eta genero-aniztasunarekiko arbuioak eta intolerantziak eragindako erasoak salatzen jarraitu gura duela adierazi du. “Sopela inklusibo eta anitz baten mezua indartu nahi dugu, aniztasuna aztertzen ari garen esparrutik ulertuta, baina baita bere osotasunean ere. Mezu bat, gizarte justuago, errespetutsuago eta integratzaileago bat eraikitzeko lanean jarraitu behar dela ohartarazteko eta azpimarratzeko”, adierazi du Josu Landaluze alkateak.

Era berean, Teresa Fernández Sopelako Udaleko Gizarte Ekintza, Emakumea, Berdintasuna eta Lankidetzako zinegotziak azpimarratu duenez, “konpromiso sozial horri eutsi behar diogu, bai gogoratzeko, bai belaunaldi berriei irakasteko. Premisa horren pean, munduan milioika pertsona arriskuan jartzen dituen errealitate lazgarrian jarri nahi dugu fokua. Iragana eta etorkizuna elkartuz, Giza Eskubideen aldeko borrokan jarraitu behar dugu. Benetako gertakari zehatzetan oinarritutako herritarren kontzientziaren bidezko aldarrikapena”.

Memoria bizia

Bestalde, aurkeztu duten kanpainak kriminal naziek beren kontzentrazio-esparruetan erakutsitako ankerkeria eta intolerantziaren arriskua gogoratuko dituztela azaldu dute, triangelu hori eta beltzen bidez. Kontzentrazio- eta sarraski-esparruetan triangelu arrosak erabiltzen zituzten homosexualak, bisexualak eta emakume transgeneroak identifikatzeko; aldiz, triangelu beltzakaz pertsona asozialak, lesbianak, bisexualak eta trans gizonak sailkatzen zituen. Gertaera kriminal horien eta ikur baten jatorria gogoratzen duen sinbolo hori, gerora, LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko aldarrikapen unibertsal baten sorburu izan da, borroka unibertsalaren beharraren ebidentzia, hain zuzen ere. Horren berri emateko kartelak jarriko dituzte Metro Bilbaoko OPIetan eta Bizkaibuseko markesinetan, Larrabasterra eta Sopelako geltokietan.

Udal-iturriek azaldu dutenez, gaur egungo datuek LGTBI komunitatearekiko jazarpenari eta intolerantziari buruz ohartarazten jarraitzen dute:  "Horregatik, ezinbestekoa da askatasunerako eskubidea, kondena eta heriotza- zigorren aurkako borroka aldarrikatzeko beharra aipatzea".

Gay eta Lesbianen Nazioarteko Elkarteak (ILGA) homofobiaren mapa eguneratu zuen 2020an, homosexualitatea oraindik legez kanpokoa den lekuak erakusten dituena. “Gaur arte, 69 estatuk sexu bereko helduen arteko sexu-ekintzak kriminalizatzen jarraitzen dute, eta herrialde horietatik batzuek heriotza-zigorra ere aplikatzen dute. Mapak okerrera egin zuen iaz, LGTBI kolektiboa zapaltzeko ahaleginak areagotu zituzten lider homofoboak boterera iritsi ondoren. Historiak intolerantziarekin hasten diren lezioak ematen dizkigu”, azpimarratu du Fernandezek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun