EAJko eta PSEko gobernu-taldeak ohar bat argitaratu zuen maiatzaren 20an, Udalaren webgunean: Sopelako Udalak komunikatu horretan azaldutakoaren arabera, “Bidebitarteko adingabeen harrera-etxea Arriatera ingurura eramango da”. Ohar horretan, Sopelako Udala haserre agertu da Vecinos de Sopela taldeak zabaldutako “buloen” aurrean. Horrela, Josu Landaluze Udaleko alkateak adierazi zuen “ez dela inola ere zentro berri bat, baizik eta egungo harrera-etxearen kokapen-aldaketa bat, duela hamarkada batetik Bidebitarte kalean dagoena, eta laster hondartzaren ingurura eramango dutela, Arriatera etorbideko eraikin batera, hain zuzen ere”. Landaluzek azpimarratu du harrera-etxe horrek “familia desegituratuetako hamar bat adingaberi ematen diela babesa”, eta azpimarratu du adingabe horiek ez dutela inoiz "arazorik eman" eta "Sopelan erabat integratuta" daudela. Deia egunkariak maiatzaren 13an argitaratutako albiste batean, Landaluzek adierazi zuen maiatzaren 4an bertan "Arriatera inguruko bizilagunekin" bildu zela harrera-etxearen kokapen-aldaketa azaltzeko eta argitzeko ez direla inoren kargura ez dauden adingabeak, baizik eta "une oro hezitzaileen tutoretza" dutela.
Gure ikuspuntutik, Udalak ez du ezer argitzeko eta bai asko salatzeko. Ez du zertan argitu ez dela harrera-etxe berri bat. Ez du argitu behar leku-aldaketa bat baino ez dela. Ez du argitu behar zentro hori kudeatzen duen elkarteak hamarkada bat baino gehiago daramala Sopelan. Ez du argitu behar adingabeek ez dutela inoiz “arazorik” sortu. Ez du argitu behar Sopelan erabat “integratuta” daudela. Eta haur eta nerabe horiek Sopelan “integratutako” adingabeen ordez “problematikoak” izatea gertatuko balitz? Eta benetan zentro berri bat izango balitz, kokapen-aldaketa baten ordez? Orduan, epelagoa izango al litzateke Sopelako Udalaren salaketa azken hilabetean bizi izan dugun kanpaina arrazista eta klasistaren aurrean?
Maiatzaren 26ko osoko bilkuran, EH Bilduk proposatutako Adierazpen Instituzional bat onartu zen, ultraeskuinari aurre egitearen inguruan. Adierazpen horretan, harrera-etxeari babesa adierazteaz gain, Sopelako Udalak bere egin zuen Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 12an eskuin muturraren eta neofaxismoaren aurka adostutako mezua. Izan ere, gure gizarteko kolektibo ahulenei inolako baldintzarik gabe lagundu behar zaie eta gure gizarteko kolektibo arrazista eta klasista marjinalei ez zaie ezer argitu behar. Aurre egin behar zaie.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.