Kosta trail

Jesus Beamonte: "Oso pozik gaude jendearen erantzunagaz eta egun ederra aurreikusten dugu"

Ander Zarraga 2022ko eka. 14a, 08:30

Jesus Beamonte Kosta Trail lasteketaren parte izan da hori sortu zutenetik. © KOSTA TRAIL

Domeka honetan, hilaren 19an, Uribe Kostako itsaslabarrak korrikalariz eta mendizalez beteko ditu Kosta Trail lasterketak. Bi urteko geldialdiaren ostean, eskualdeko mendi-lasterketa ezaguna bueltan dator; bere izaera solidarioagaz jarraituta, aurtengo izen-emateetatik batzen duten dirua Gaituz Sport elkarteari emango diote dohaintzan.

Aurtengo lasterketarako izen-emateak lehen 24 orduetan agortu zirela azpimarratu du Jesus Beamonte lasterketako antolakuntza arduradunak: "Izugarria izan da, edozein lasterketak ezin dezake hori esan, eta jende asko kanpoan geratu da azkar ez ibiltzeagatik". Horretaz gain, Beamontek gaineratu duenez, mendi- eta famili-martxetan izen-emateak "oso erritmo onean ari dira ematen", eta gogoratu du oraindik ere aukera dagoela Kosta Trail probaren webgunean izena emateko.

Antolatzaileak baieztatu duenez, jendeak gogo asko zituen Kosta Trail-aren itzulerarako: "Askok galdetu digute ea noiz egingo zen eta norentzako izango zen aurtengo dohaintza"; izan ere, gogoratu duenez, lehiaketaren gainetik, Kosta Trail ekimen solidarioko kirol-proba bat da, eta, berak dioen moduan, "elkartasuna lasterketaren DNAn dago". Gogoratu duenez, lehen ediziotik horrela erabaki zuten, eta kirola maite eta ondo pasatu gura dutenentzako lasterketari helburu solidarioa ere erantsi zioten. Hala, aurten izen-emateetatik batzen duten dirua desgaitasun fisikoa duten pertsonen artean kirola berdintasunean sustatzen duen Gaituz Sport elkarteari emango diote.

Gainera, ingurumenagaz jasangarria den lasterketa bat ere egin gura izan dute aurten, beraz, plastikoaren erabilera ahalik eta murriztuena egongo dela iragarri du Beamontek. "Enpresa-babesleen helburuetako bat ingurumena zaintzea eta kirol jasangarria bultzatzea da", azpimarratu du. Hala, martxetako parte-hartzaile bakoitzak bere ura eta jatekoa eraman beharko ditu, eta lasterketako zuzkidura askozaz kontrolatuagoa egongo da, "parte hartzaileek gune konkretuak izango dituzte jan eta edateko, 12.000 plastiko-botila gutxiago erabiliko dira eta ibilbidea adierazteko zintak konpostagarriak izango dira, besteak beste". Gainera, izen ematea ere online ari dira egiten, paperaren erabilera saihesteko. "Horretaz gain, ibilbidea zehazteko orduan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak edo Bizkaiko Foru Aldundiak emandako irizpideak jarraitu ditugu, ingurumenean ahalik eta inpaktu gutxien izan dezan".

Aurtengoa XVI. edizioa izango da, eta Beamontek gogoratu duen bezala, sortze-prozesua ere oso polita izan zen: "Ni sopeloztarra naiz eta inguruko paraje eder hauetatik lasterketa bat egitea bururatu zitzaigun kirola maite dugun batzuoi; izan ere, urtero lagun batzuek Uribe Kostako amildegien ondotik korrika egiteko geratzen dira, ondo pasatzeko asmoagaz, beraz, pentsatu genuen mendiko lasterketa bat itsas-mailan ere egin zitekeela, horrelakorik ez baita normalean ikusten eta gure paisaiak disfrutatzeko modu ederra delako".

Hiru ibilbide

Lasterketaren lehen edizioak Portugaletetik abiatu zirela dio antolatzaileak, "Bizkaia Zubia gurutzatuz, Plentziara arte joaten ginen". Hala ere, urteakaz lasterketa moldatzen joan dela dio, eta, gaur egun, Sopelako udaletxeko plazan hasi eta amaitzen da. 21 kilometroko mendi-maratoi erdia Sopelatik Plentziako tren-geltokira abiatzen da, eta, hortik, Barrikara doa kostaldetik Getxora arte joateko, azkenik, Sopelara  bueltatu arte.

Mendi-martxaren ibilbidea (20 kilometro) antzekoa da, baina modu librean egin daiteke. Azkenik, familientzako zazpi kilometroko ibilbidea ere egongo da Uribe Kostako paisaia ederrez familian gozatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun