Sopelako ostalaritzan eta merkataritzan kontsumoa sustatzeko bonu-kanpaina berria abiatu dute

Erredakzioa 2022ko eka. 17a, 12:52

Teresa Fernandez Enplegu eta Ekonomia Sustapen Saileko zinegotzia eta Josu Landaluze Sopelako alkatea bonu-kanpaina aurkezten. © SOPELAKO UDALA

Sopela On egin! Gastro-Bonuak 2022 eta Bono-Denda Sopela 2022 kanpainen abantailak jasotzeko aukera dago daborduko. Sopelan kontsumoa sustatzeko helburuagaz sortutako kanpaina horietarako Udalak 88.000 euro bideratuko ditu kontsumitzaileek jasoko dituzten deskontuak ordaintzeko.

Sopelako Udalak abiarazi dituen kanpaina bi horiekaz udalerriko merkataritza- eta ostalaritza-sektorean erosketak sustatu gura ditu. Josu Landaluze Sopelako alkateak nabarmendu duenez, “egungo egoera arintzeko diseinatutako estrategia bat da, udalerriko pultsu ekonomiko eta sozialari eusteko eta kontsumitzaileari mesede egiteko”.

Alde batetik, Sopela On egin! Gastro-Bonuak 2022 kanpainari dagokionez, Udalak 4.700 bonu jarriko ditu zirkulazioan hilaren erdialdetik 2022ko uztailaren 17ra bitartea, edo horiek agortu arte. Kanpainara atxiki diren establezimenduetan bost eta 10 euroko deskontu-bonuak aplikatuko zaizkie gutxiengoko 10 eta 20 euroko erosketaren gainean. Guztira, Udalak 47.000 euro bideratuko ditu kanpaina horretan kontsumitzaileek jasoko dituzten deskontuak ordaintzeko. Era berea, pertsona bakoitzak 30 euro batu ahal izango ditu gehienez aipatutako deskontu-bonuakaz.

Beste aldetik, Bono-Denda Sopela 2022 kanpaina hilaren 15ean hasi zen eta uztailaren 31ra arte edo horiek amaitu arte egingo da martxan. Horretarako, 4.100 bonu eta 41.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Horren abantailez gozatzeko kontsumitzaileek kanpainara atxikitako merkataritza-establezimenduetan bakarrik trukatu ahal izango dituzte deskontu-bonuak, eta gutxienez 20 euroko erosketa egin beharko dute, eta 10 euroko deskontua jasotzeko. Kau horretan, kontsumitzaile bakoitzak gehienez hiru deskontu-bonu bakarrik baliatu ahalko ditu.

Kanpaina horietako bonuak establezimendu bakarrean edo batzuetan erabil daitezke, erosketa bat edo bat baino gehiago egiteko, baina kasu guztietan horietako bakoitzari ezarritako muga gainditu gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun