Larrabasterrako Karmenak

Urgitxieta plazak hartuko du jaien lekukoa Sopelan

Ander Zarraga 2022ko uzt. 11a, 09:00

Uztailaren 14an, zazpi itsasoetako biztanleak Larrabasterran lehorreratuko dira Karmen jaiei hasiera emateko.

Sopelan jaiek ez dute etenik. Sanpedroetako ajea atzean utzita, dena dago prest Urgitxieta inguruan ospatuko diren Larrabasterrako jaietan ederto pasatzeko. Eguenean hasiko diren festetan Primitial Bros, Los Zopilotes Txirriaos, Supercremalleras eta Derby Motoreta Burrito Kachimbra taldeak arduratuko dira kontzertuez. 

Ohi den legez, kuadrillek, Udalak, eta auzoko bizilagun eta elkarteek osatzen duten jai-batzordea arduratu da aurtengo jaien antolakuntza-lanez. Horren emaitza da orriotara ekarri dugun egitarau oparoa.

Aurten ere, itsasoko izakiak izango dira uztailaren 14an jaien hasiera iragarriko duten protagonistak. Antolatzaileek mozorroa ez ahazteko gogoratu dute, azken Itsas Kalejira duela urte bi izan baitzen. Loiola Ander Deunan hasiko dute ibilbidea, surflarien eskulturatik. Bukatzean, pregoia eta txupinaren jaurtiketa egingo dituzte, jaien hasiera ofizialaren berri emateko. Une horretatik aurrera, bertaratuko diren adin guztientzako lagunentzako hiru eguneko programazio oparoa prestatu dute uztailaren 14tik 17ra.

Urtero egiten duten moduan, jai-batzordeko kideek festa parte-hartzaileak eta herrikoiak antolatzeko erronka bereganatu dute, horregatik, dei egin diete sopeloztarrei eta ingurukoei jai-giroan murgiltzeko eta jardueren parte izateko.

Barikua, uztailak 15, gazteen eguna izango da; izan ere, Sopelako Kuadrillak ere Larrabasterrako jaien antolakuntza-lanetan aritu dira. Beraien helburua festa horiek sustatzea eta gazteen inplikazioa areagotzea direla azaldu dute, horregatik, herriko beste eragile kultural eta politikoakaz aritu dira elkarlanean. Horren emaitza dira Burdin Hesira egingo duten mendi-martxa, langileen eta krisiaren inguruko mahai-ingurua, kuadrillen bazkaria eta ondorengo bertso-saioa.

Karmenetako egun handian, goizetik hasiko dira jarduerak: Barinatxe txistulari-taldearen kalejira, santuaren omenezko meza eta tango-ikuskizuna egongo dira. Arrastian, berriz, boxeo amateur jaialdia eta pala eta pilota partidak egingo dituzte Urkon eta Sopelako frontoian. Iluntzean, festak Urgitxietako kontzertuakaz jarraituko du.

Jaien azken eguna lapiko artean pasako dute, goizetik hasita marmitako-lehiaketa egingo baitute Urkon. Umeentzako jolasak, bitsaren jaia eta disko-festa ere egongo dira bertaratuko diren guztiak alaitzeko. Egitaraua Otxandategi abestaldeak itxiko du Bakezaleak ikuskizuneko musika eta dantzakaz. 

Egitaraua

Uztailak 14, eguena

  • 18:30 Parrillada jubilatuen etxean.
  • 19:00 Jaien hasiera Itsas Kalejiragaz. Loiola Ander Deuna kaletik hasita (surflariaren eskulturan).
  • 20:00 Pregoia eta txupina jaurtitzea.
  • 20:30 Disko-festa, Urgitxieta plazan.
  • 22:00 Zezensuzkoa, Urgitxieta plazan.
  • 23:00 Umore- eta musika-ikuskizuna Primital Bros taldeagaz.

Uztailak 15, barikua

  • 09:00 Mendi-martxa Burdin Hesira, Sopelako Kuadrillek antolatuta. Irteera txosnetatik.
  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 Umeentzako jolas parkea, Urgitxieta plazan.
  • 12:00 Mahai ingurua: Langile mugimendua krisi testuinguruan. Urgitxieta plazan, Sopelako Kuadrillak antolatua.
  • 13:00 Kalejira Sopela Kantariren eskutik.
  • 14:00 Kuadrillen bazkaria Urgitxieta plazan. Tiketak zortzi eurotan egongo dira salgai Laiak eta Zutarri tabernetan.
  • 15:00 Bazkal osteko bertso-saioa, Urgitxieta plazan.
  • 17:00 Mural-margotzea, Urgitxieta plazan.
  • 18:00 Tiragoma-txapelketa, Peña Bizkaia de Tiragomas elkartearen eskutik, Iberrota plazan
  • 19:00 Kross-Mic kale-antzerkia, Iberrota plazan.
  • 23:00 Kontzertua: Zopilotes Txirriaos, Urgitxieta plazan.

Uztailak 16, zapatua

  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 Umeentzako jolas parkea, Urgitxieta plazan.
  • 12:00 Meza nagusia Karmengo elizan. Ondoren, Sopelako Lagun Artea abesbatzaren kontzertua eta ohorezko aurreskua.
  • 13:00 Barinatxe txistu taldearen kalejira, Karmengo elizatik Urgitxieta plazara.
  • 13:30 Tango ikuskizuna La Sureña Tango taldearen eskutik, Iberrota plazan.
  • 19:00 Boxeo amateur jaialdia, Urko kiroldegian.
  • 19:00 Plaza Beltza kulturguneak ere Losa Ganen kontzertuak antolatuko ditu txosna-gunean: Horma, Doctrina, Taxi Mariachi, Fuking Punkis eta Deklarados Kulpables.
  • 19:30 Pala eta pilota partidak, Sopelako frontoian.
  • 22:30 Kontzertua: Supercremalleras, Urgitxieta plazan.
  • 23:30 Kontzertua: Derby Motoreta´s Burrito Kachimba, Urgitxieta plazan.

Uztailak 17, domeka

  • 10:00 Marmitako-lehiaketa Urkon. eta
  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 Umeentzako eta gazteentzako jolas parkea Urkon: ur-puzgarriak...
  • 14:00 Marmitako-lehiaketaren kazolen aurkezpena.
  • 15:00 Lehiaketaren sari-banaketa.
  • 16:30 Bitsaren jaia, Urkon.
  • 17:00 Guztientzako disko festa, Urkon.
  • 21:00 Bakezaleak musika eta dantza ikuskizuna Otxandategi Abestaldeagaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun