Urtero bezala, Sopelako Udalak bere udal-tailerren eskaintza aurkeztu du 2022-2023 ikasturterako. Horietan izena emateko bi prozedura ahalbidetu dituzte: batetik, Kurtzio Kultur Etxean bertan edo sarrerak.sopela.eus udal-webgunearen bitartez.
Aurtengo proposamenak askotarikoak izango dira, tartean, aurreko ikasturtean hainbeste arrakasta izan zuen Ikusi, Ikasi, Aztertu zine-tailerra. Zazpigarren artearen maitaleei zuzendutako proposamen honek bidaia entretenigarri eta didaktiko bat proposatuko die, ikuspuntu kritiko eta analitikoa aberasteko helburagaz. Ikastaroak astelehenetan izango dira, 19:00etatik 21:00etara.
Horretaz gain, martitzenetan, 19:30etik 21:00etara, Tango argentinarraren txanda izango da udal-pilotalekuan, eta, egun berean, argazkigintza (oinarrizkoa edo aurreratua) egingo dute, Kurtzio Kultur Etxean, 18:00etatik 19:30era eta 19:30etik 21:00etara. Eguaztenetan, euskal dantzen txanda izango da, oinarrizkoak zein aurreratuak, Sopelako Iberre Institutuan, 18:00etatik 19:30era eta 19:30etik 21:00etara. Azkenik, eguenetan, Photoshop argazki-edizio tailerra egingo dute Kurtzion, 19:00etatik 20:30era. Barikuetan, berriz, umeek pintura-tailerrak izango dituzte, 17:00etatik 18:30era, eta, zapatuetan, gaztetxoak xakean trebatuko dituzte, 11:30etik 13:00etara.
Tailerrek 70 eta 110 euro bitarteko prezioa izango dute, eta, inskripzioei dagokienez, udalerrian erroldatutako pertsonek irailaren 12tik 18ra bitartean egin ahal izango dute izen-ematea eta erroldatu gabekoek, berriz, irailaren 19tik 25era bitartean. Izen-ematea Kurtzio Kultur Etxean bertan edo sarrerak.sopela.eus webgunean egin ahal izango da. Plazak izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Ikastaroei buruzko informazio zehatza lotura honetan aurki daiteke.