Sopelako Euskal Jaiak ia mende bateko historia luzea dauka, 1924. urtean turisten egonaldia luzatzeko helburuagaz ospatzen hasi zirenetik. Horrez geroztik, garrantzia eta herri-errotze handi lortu du urtero errepikatzen den ospakizunak, eta euskal jai orok biltzen dituen tradizio guztiak bateratzen ditu: euskal produktuak, gastronomia, euskal dantzak, herri kirolak...
Aurtengo jarduerak barikuan, irailak 9, hasiko dira 18:00etan, udaletxe ondoan umeentzako prestatu dituzten herri kirolakaz. Ostean, 19:30ean, Pala Tour 2022ko finalak jokatuko dituzte udal-pilotalekuan, eta, 20:30etik aurrera, Que circo de mujer ikuskizuna egongo da udaletxeko plazan, Ido Loca konpainiaren eskutik. Horretaz gain, arratsalde osoan zehar txakolina eta artisauek egindako garagardoen postuak ere egongo dira, besteak beste.
Zapatuan, irailak 10, egun handia izango da nekazaritzako produktuen azoka egingo baitute udaletxeko plazan. Inguruko baserrietako laborarien produkturik onenak eskuratzeko aukera egongo da 10:00etatik aurrera, hala nola barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen eratorriak, ogia, pastelak, eztia, txokolatea, sagardoa edo txakolina, baita landare apaingarriak, produktu ekologikoak ahaztu gabe. Halaber, iluntzean, Tio Teronen Semeak konpainiak Festamentua ikuskizuna aurkeztuko du 20:00etatik aurrera.
Domekan, goizean goizetik, txistulariek eta Sopelako Kantariek kalejira egingo dute herriko kaleak alaitzeko. Horrek hasiera emango dio 10:00etatik aurrera udaletxeko plazan egingo den Sukalki Txapelketari, ordu horretatik 11:00etara bitartean eman beharko baita izena. 12:00etan, Korapiloa ikuskizunaren ondoen, txapelketako kazolen aurkezpena eta sari-banaketa egingo dute. Azkenik, festari amaiera emateko, 18:00etatik aurrera, Yarleku konpainiaren Numenak umeentzako ikuskizuna egingo dute udaletxe ondoko berdegunean.