Musika, natura eta surfa protagonistak izango dira Sopela Kosta Fest jaialdian

Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 17:54

© KOSTA FEST

Irailaren 23tik 25era surfagaz, musikagaz eta naturagaz zerikusia duten hainbat jardueraren erdigunea izango da Sopela, aste-akabu horretan ospatuko baitute Sopela Kosta Fest jaialdiaren bederatzigarren edizioa. Kontzertuak, inguruko ondarea ezagutzeko bisita gidatuak, surf-lehiaketak, parapentea eta irristatze-kirolakaz zerikusia duten hainbat jarduera egingo dituzte egun horietan. Ekintzetan izena emateko epea irailaren 20an itxiko dute.

Musikari dagokionez, jaialdian 10 artisten emanaldiak egongo dira Sopelan: Mafalda, Kerobia, Akatz, Vulk eta Sua (irailak 23) eta Chica Sobresalto, Nativa, The Lizards, Anita Parker eta J Martina (irailak 24).

Hala ere, surfak eta irristatze-kirolek leku nabarmena izaten jarraituko dute jaialdi osoan zehar. Hala, irailaren 24 eta 25ean II. Open Waveski SKF-BPT eta V. Kayaksurf SKF-BPT Kopak jokatuko dituzte. Eta hori gutxi balitz, Euskal Herriko Surf Txapelketa eta Euskal Herriko beteranoen Surf Txapelketa ere aste-akabu horretan zehar jokatuko dituzte. Horretaz gain, surfa, irristatze-kirolak, parapentea eta antzeko beste jarduerak eskaintzen dituzten hainbat enpresek deskontu bereziak egingo dituzte egun horietan.

Plan kulturalagoak edo ingurua hobeto ezagutu gura dutenentzat, aurreko urteetan bezala, hilaren 24an, zapatuan, Burdin Hesiaren hondarrak ikusteko bisita gidatua antolatuko dute, baita Meteoritoaren Aztarna izeneko ibilbide geoturistiko gidatua eta Flyscheko itsaslabarrak bisitatzeko ibilbidea ere. Izan ere, antolatzaileek nabarmendu gura izan dutenez, Sopela erreferentea da surfaren mundurako, baina baita bere itsaslabarretako ondare geologikoagatik ere. Bisita horietako batean parte hartu gura dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. 

Horretaz gain, aste-akabu horretako programazioa gai anitzeko jarduerakaz osatuko dute: Sopelako II. Argazki Lehiaketaren erakusketa, calistenia, parkour eta slackline tailerrak, gazteentzako Zure smartphone-rako mikroskopio bat eraiki eta daphnia aurkitu izeneko jarduera, hareazko eskulturen tailerra, Loreak sortzen, Tai txi eta ekialdeko praktikak, Bioblitz, umeentzako sormen-tailerrak, sukalki-txapelketa, scape room-a eta Glubs kaleko antzerki obra. 

Programatutako jardueretarako izen-emateak www.sopelakostafest.com webgunean egin beharko dira irailaren 12tik 20ra. Deskargatu lotura honetan Sopela Kosta Fest jaialdiko egitaraua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun