Hasteko, Udaltzaingoko agenteek hiru gazteren aurkako izapideak abiatu zituzten Larrabasterrako Karmengo jaietan adingabe bati egindako erasoan parte hartzeagatik; akusatuak identifikatu ondoren, epaitegiaren esku utzi zituzten.
Hilaren 13an, udaltzainek gizon bi eta emakume bi ikertu zituzten, herriko bizilagun bati txakur bat lapurtzeagaz zerikusia zutelakoan. Txakur hori itzultzeko, diru-kopuru bat ordaintzeko eskatu zioten jabeari. Salaketa jaso ondoren, jabea ustezko egileakaz geratu zen, eta agenteek zaintza-dispositibo bat ezarri zuten, txakurra erreskaterik gabe berreskuratzeko. Laurak egile gisa ikertu zituzten eta guardiako epaitegiaren esku utzi zituzten.
Egun horretan bertan, gizonezko bi in fraganti harrapatu zituzten Sopelako Garbigunean materialak lapurtzen ari zirela, hesitik salto eginda. Lapurtutako objektuak identifikatu eta berreskuratu ondoren, akusatuak ikertu gisa deitu zituzten epaiketa azkar bat egiteko.
Hilaren 15ean, gizon bat ikertu zuten, baimenik izan gabe auto bat gidatzen harrapatu zutenean. Atxabiribilgo aparkalekuan gertatu zen, eta, hasiera batean, gidatu izana ukatu bazuen ere, agenteek trafikoaren bideozaintza-kamerei esker egiaztatu zuten gidaria bera zela. Halaber, haxixa ere konfiskatu eta salaketa jarri zioten, substantzia estupefazienteak izateagatik.
Azkenik, pertsona bat atxilotu zuten hilaren 15ean Sabino Arana kalean, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egiteagatik. Lau pertsona zeramatzan ibilgailu baten ikuskapenean hainbat substantzia aurkitu zituzten agenteek, eta bidaiarietako bati saltzeko prest zeuden droga monodosi batzuk atzeman zizkioten; horretaz gain, akusatuari zatituta zeuden beste substantzia batzuk eta dirua ere aurkitu zioten. Atxilotu ondoren, Getxoko guardiako epaitegiaren esku geratu zen.