Sopela 2022 Gastro-Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan erabiltzeko deskontu-bonuak izango dira. Bonuen bidez, 5 euroko deskontua lortuko da 10 euroko erosketa bakoitzeko eta 10 euroko deskontua lortuko da 20 euroko erosketa bakoitzeko.
Udalerriko merkataritza-jarduerari lotutako ostatuek eurek trukatuko dituzte bonuak, eta, horrela, bonuak eskuratu dituzten herritarrek deskontua lortuko dute. Horretarako, onuradunek, aurretik, NAN edo AIZ erakutsi beharko dute ondasunak erosi edo zerbitzuak eskuratzen dituztenean.
Pertsona bakoitzak, gehienez, hogeita hamar euroko deskontua izango duela ere zehaztu du Udalak. Gainera, onuradun bakoitzak hainbat ostatutan edo bakarrean erabili ahalko ditu deskontu-bonuak. Era berean, onuradunak erosketa bakarrean ala hainbatetan erabili ahal izango ditu deskontu-bonuak.
Sopelako Udalak 28.640 euro bideratuko ditu guztira, kontsumitzaileek jasoko dituzten deskontuak ordaintzeko.