Trafikoaren abiadura neurtzeko radarrak hilaren bukaeran jarriko dituzte eta azaroan hasiko dira ibilgailuen abiadura neurtzen. Erabaki horren bitartez, Udalaren helburua da herriko kaleetan dabiltzan ibilgailuek abiadura mugak errespeta ditzaten, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
Radarrak honako kaleotan jarriko dituzte: bat Sabino Arana kalean, Urdulizetik udalerrian sartzen diren ibilgailuen abiadura neurtzeko; beste bat Akilino Arriolan egongo da, Zipiriñe ikastetxearen inguruan; eta gainontzeko bi radarrak Olabide kalean jarriko dituzte, bat Lizarra kaleko bidegurutzean, Urdulizera noranzkoan, eta bestea udal-pabiloiaren parean egongo da, Sopelara noranzkoan.
Zentzu horretan, Olabide kaleko abiadura orduko 30 kilometroan mantenduko dute, errepidea egokitzeko lanak egiten dituzten bitartean, horiek bukatzean abiadura orduko 20 kilometrokoa izatera pasako baita. Egokitze-lan horietan, errepidea asfaltatuko dute kota zeron izan dezan, horrela, oinezkoei lehentasuna eman gura diete eta balaztak eta irtenguneak ezabatuko dituzte ospitalera doazen anbulantziak errazago igaro daitezen.
Horietaz gain, Udaltzaingoko ibilgailuetako batean radar mugikor bat ipiniko dutela ere iragarri dute, horrela, bide-arauak hausten dituzten gidariak harrapatu ahalko dituzten udalerriko beste edozein kaletan.
Era berean, Ingestabaso kalean panelen bitartez ibilgailuen abiadura adierazten duten "radar pedagogiko" bi jarriko dituztela era aurreratu du Udalak.