Sopelako EH Bildukoek azaldu dutenez, "oraindik ez dago ezer erabakita", proposamen berriak egiteko aukera dagoelako eta bilkurako kideen oniritzia beharrezkoa delako. Momentuz, Sopelako EH Bilduren mahai politikoak Guruzne Carrasson Torreontegi eta Unai del Burgo proposatu ditu alkategai eta alkateordetzarako, hurrenez hurren.
Carrasson Ingurune Zientzietan lizentziatua eta bokazioz hezitzailea da. Gaur egun, koalizio abertzaleko bozeramailea da Sopelako Udalean eta euskara eta kultur alorreko hainbat elkarteren partaide ere bada. Beragaz batera, Del Burgo 2019ko udal-hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendaburua izan zen, eta, gaur egun, zinegotzia da Sopelako Udalean.
Koalizio abertzaleak jakitera eman duenez, oraindik beste zerrendaburu batzuk proposatzeko aukera dago bildusopela@gmail.com helbidera idatziz. Hautagaiak adostuta egon beharko dira eta proposamen bakoitzeko bilerako kideen bost abal izan beharko ditu; horretarako epea azaroaren 14tik 27ra izango da. Bestalde, bestelako hautagairik balego, hautagaien arteko eztabaida azaroaren 30etik abenduaren 14ra egingo lukete. Hautagaiak aukeratzeko azken bozketa abenduaren 15etik 17ra izango litzateke, eta horren ostean aurkeztuko dute alkategaiaren behin betiko izena.