Aurreko martitzenean, azaroak 8, 12:55ak aldera, Larrabasterra inguruan prebentziozko zaintza-lanetan ari zirela, agenteek gizon bat ikusi zuten autoagaz debekatutako bira bat egiten eta aparkatzen. Arau-haustearen arrazoia jakiteko, agenteek haren ondoan aparkatu zuten, baina jaitsi egin zen eta oinez ihes egiten saiatu zen.
Geldiarazi zutenean, gizona urduri zegoela ikusi zuten, eta berehala itzali zuen gainean zeramatzan bi telefono mugikorretako bat. Agenteek ibilgailuko atea ireki eta substantzia estupefaziente ezagun baten usain handia sumatu ondoren, ibilgailua miatu zuten. Maletategian plastikozko poltsa handi bat aurkitu zuten, itxuraz, 600 gramo marihuana, eta atzeko alfonbratxoaren azpian beste poltsatxo txikiago bat, 17 gramo ketaminagaz barruan.
Salgaia konfiskatuta, agenteek ondorioztatu zuten kontsumorako kalkulatutakoa baino askoz gehiago zela, beraz, gazteari jakinarazi zioten osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egin izana ikertzen ari zirela. Atestatua Getxoko guardiako epaitegira bidali da.