Berez, kontzertua zapatuan egingo den Fair Saturday edo zapatu solidarioa dela eta egingo dute; hala ere, Kandinak adierazi duenez, "zapatuan egitea ez da hain erraza, jende gutxiago etorriko delako, beraz, barikuan egingo dugu, ahalik eta jende gehiago etor dadin". Fair Saturday delakoaren helburua da kultur jardueren bitartez ekimen solidariotarako laguntza batzea, eta, sarrera librea izango den arren, bertaratzen direnek dohaintzak egin ahalko dituzte. "Batzen dugun dirua Sopelako Caritas erakundeari emango diogu beren proiektuetarako", azpimarratu du.
Urtez urte egiten duten duten kontzertu honetako taldeak aldatzen joan dira, eta, oraingoan, etxekoakaz batera, Plentzia eta Erandioko taldeak izango dituzte Sopelako San Pedro Elizan. Kandinak azaldu duenez, gehienbat sopeloztarrak joan ohi diren kontzertua da, baina mundu guztiari gonbidapena luzatu gura izan dio, eta aurreratu du Erandiotik gutxienez autobus bat eramango dutela eta Plentziatik ere musikazaleak hurbilduko direla.