Sopelako Udalak, UK Gaztedi Planaren barruan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, 130 orduko doako ikastaroa eskainiko du uretako sorosleak trebatzeko. Tituluak RFESSk (Salbamendu eta Sorospeneko Espainiako Errege Federazioa) homologatuta eta izapidetuta egongo dira, eta igerilekuetan zein hondartzetan sorosle-lana egiteko eta Euskadiko Surf Eskoletako Surf Monitore eta Uretako Kirol eta Jardueren Begirale izateko gaitasuna emango dute.
Prestakuntza-ikastaroa elebiduna izango da eta 130 ordu praktiko-teoriko izango ditu. Alde teorikoa Kurtzio kultur etxean garatuko dute, eta alderdi praktikoa, berriz, Sopelako Arriatera eta Barinatxe hondartzetan eta udal-igerilekuko instalazioetan.
Antolatzaileek jakinarazi dute prestakuntza-ekintza ez dela sartuko EAEn jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideari dagozkion ekainaren 30eko 8/2022 Lege berrian deskribatutako kirol-gaikuntza profesionalen barruan. Horiek, indarrean jarriko dira 2026ko urtarriletik aurrera; horretarako, beste ikastaro osagarri batzuk edo prestakuntza osoak egin beharko dira.
Izen-ematea
Izen-ematea hilaren 14tik 21era bitartean egin ahal izango da, biak barne, Sopelako webguneko esteka honetan edo zuzenean Kurtzio kultur etxean (Mendieta 11, Sopela), astelehenetik barikura (09:00–14:00/16:00-20:00 ordutegian) eta zapatu eta domeketan (11:00–14:00/17:00-20:00 ordutegian).
Parte-hartzaileen zerrenda inskripzio-ordenaren arabera egingo dute. Halaber, eskariak plaza kopurua gainditzen badu, itxarote-zerrenda bat sortuko dute.
Baldintzak
Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa izango da urtarrilaren 7an, zapatua, Sopelako Arriatera hondartzan goizeko 10: 00etan egingo den sarrera-proba gainditzea: igeriketa-proba eta 200metroko urpekaritza.
Ikastaroa urtarrilaren 7tik martxoaren 26ra bitartean egingo dute, biak barne, eta ikastaroa gainditu ahal izateko, parte-hartzaileek gutxienez horren % 80 burutu beharko dute eta gainerako % 20ra ez joatea justifikatu beharko dute. Ikastaroaren aurkezpena abenduaren 22an egingo da Kurtzio kultur etxean, 19:00etan.
Eskola-orduak honela banatuko dira:
- Ordu teorikoak - Kurtzio kultur etxean, 17: 00etatik 21:00etara:
- Urtarrilak 17, 18, 19, 24, 25, 26 eta 31.
- Otsailak 1, 7, eta 8.
- Ordu praktikoak - Barinatxe eta Arriatera hondartzetan, 09:00-14:00 eta uda- igerilekuan, 10: 00-14: 00.
- Urtarrilak 7, 8, 14, 15, 21, 22, 28 eta 29.
- Otsailak 11, 12, 18, 19, 25 eta 26.
- Martxoak 4, 5, 11, 12, 18, 19, 25 eta 26.