Sopelako HAPO eguneratzeko prozesua abiatu du Udalak

Ander Zarraga 2023ko urt. 9a, 11:29
HAPO berria egiteko prozesuaren lehen hitzordu publikoa hilaren 18an izango da Kurtzion.

Egungo Sopelako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra zaharkituta geratu dela deritzo Sopelako Udalak, ez baititu Udalaz gaindiko arau berri askoren irizpideak betetzen. Horrenbestez, hazkundeari, mugikortasunari, kontsumoari, bizigarritasunari, kohesio sozialari, eta, oro har, udalerriaren errealitate berriari erantzungo dion arau berria egiteko prozesua abiatu du.

Prozesurako ezarritako helburu nagusienen artean, Udalak Sopelako ingurumenaren jasangarritasuna hobetu gura du, eta, horretarako, hasteko, baliabide naturalen babesa jarri du abiapuntutzat, bai baliabide naturalen ustiaketa jasangarriari dagokionez, baita kutsaduraren murrizketari lotutako neurriak hartuta ere. Zentzu horretan, azpimarratu hiri-garapen jasangarriago bat izango da HAPO berriaren abiapuntuetako bat.

Lurraren erabilerari dagokionez, jasangarritasuna lehenetsiko dutela ere nabarmendu du Udalak, hutsik dauden etxebizitzen erabilera sustatuz, eraikitako ondarea berroneratuz edo hirigunearen dispertsioa ekidingo duten neurrien bitartez. Neurriok landa-inguruen mesedetarako eta mugikortasuna errazteko helburuagaz proposatuko dituzte, batez ere, ibilgailu pribatuaren gehiegizko erabilera mugatzeko, ekologikoagoak diren mugikortasun-ereduen alde egiteko.

Herritarren parte hartzea

Lehen unetik sopeloztarren artean prozesu parte hartzaileak ere egongo direla iragarri du Udalak, eta, horretarako EAEko Lurraren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen seigarren helburua jarraituko duela agindu du. Horren arabera, arduradunek plan berriaren ikerketa- eta idazte-prozesuaren berri emango dute, egitasmoari buruz herritarrek duten informazioa eskatzeko eta hori ulertzeko eskubidea bermatuko dute, iritzi ezberdinak batzeko eztabaida publikoa proposatuko dituzte, herritarren ekarpenakaz aberastuko dute plana eta guztia egituratzeko herritarren parte hartzea eta agintea sustatzen duen eredua bultzatuko dute.

Zentzu horretan, programaren berri emateko lehen ekintza publikoa urtarrilaren 18an egingo dute, 18:30ean, Kurtzio kultur etxean. Halaber, egun horretan parte-hartzea sustatzeko plataforma eta lanen programazioa ere zehaztuko dute, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun