Sopelako HAPO berriari buruzko ideiak batzeko saio ireki bi egingo dituzte

Ander Zarraga 2023ko urt. 31a, 13:42

Udal-iturriek azaldu dutenez, proiektu parte-hartzaile horren helburua da Sopelako biztanleek udalerriaren etorkizunari buruz dituzten iritziak biltzea. Horretarako, bi saio ireki egingo dituzte Kurtzio kultur etxean, otsailaren 16an eta 23an, 18:30ean. Halaber, egitasmoak bere webgune propioa ere izango du, bai informazioa kontsultatzeko, baita online parte hartzeko ere.

Sopelako Udalak, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria egiteko lanak direla eta, herritarrek horretan parte hartzeko deialdia egin du. Egitasmoa diagnostiko-fasean dago oraindik, aurrerapen-dokumentua idatzi aurreko fasean, hiri-ereduaren egitura zehazteko urratsak ematen, hain zuzen ere. Diagnostiko hori herritarrakaz batera egin gura du Udalak, eta, horretarako, bi saio ireki deitu dituzte.

“Helburua Sopelan bizi diren pertsonek udalerriaren etorkizunari buruz dituzten iritziak biltzea da, hiri antolamenduaren etorkizuneko estrategi eraikitzeko proposamen diagnostiko bat lortzeko asmoz”, azaldu du Josu Landaluze Sopelako alkateak.

Saioak Kurtzioko kultur etxean egingo dituzte, otsailaren 16an eta 23an, 18:30ean. Lehenen jardunaldian mugikortasuna eta azpiegiturak, eremu publikoa eta ekipamenduak, paisaia eta landa-eremuak jorratuko dituzte. Bigarrenean, aldiz, etxebizitzaren, jarduera ekonomikoaren eta hirigintza-garapenen inguruabarrak izango dira eztabaidagaiak.

Saioak irekiak izango dira, beraz, edonork parte hartu ahal izango du, eta horietan batutako informazio eta proposamenak HAPO berriaren idazketa-taldeari igorriko dizkiotela iragarri dute, horrek aurrerapen-dokumentua egiterakoan ekarpenak kontutan har ditza. Halaber, jardunaldi horiekaz batera, talde espezifikoakaz ere lan egingo duela jakinarazi du Udalak, horrelako proiektuetan ordezkaritza txikia izan ohi duten sektoreak sartzeko ahaleginetan, hala nola gazteak, zaintzaileak eta adinekoak.

Online eta postontzietan ere bai

Saioak iragartzeagaz batera, Sopelako Udalak gogoratu du HAPOri buruzko informazio osoa kontsultatzeko webgunea ere ere aurkeztu zuela aurreko hilaren 18an. Atari horretan prozesuan online parte hartzeko kanalak ere egongo dira, prozesua amaitu arte etengabe irekita egongo direnak. 

Horregaz batera, lehen fasean udalerriko errealitateari buruzko galdetegi bat betetzeko gonbitea egingo diete sopeloztarrei. Galdetegia herritarren esku utziko dute eta erantzunak Larrabasterrako Udaletxeko sarreran, Kurtzion eta Sopelarinen kokaturiko kristalezko postontzietan utzi ahal izango dira.

Halaber, Udalak eta idazketa-taldeak azpimarratu dute beharrezkoa dela inplikatutako herritarrak izatea, elkarregaz eztabaidatzeko eta gizarte- eta ingurumen-iraunkortasuneko irizpideei egokitutako hiri-eredua eraikitzeko ekarpenak egiteko. Horregatik herritarren parte hartzea eskatu dute, “Sopelaren etorkizunaren diseinua marrazten hasi da, eta Sopelako herriak diseinatu behar du”, azpimarratu du azkenik alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun