Sopela Anitza izeneko zerbitzuak 2023an ere martxan jarraituko duela jakinarazi du Udalak. Zerbitzu horren helburua da udalerrira heltzen diren pertsona migratuei behar bezalako harrera eta arreta eskaintzea. Hor posible egiteko, Sopelan bizi diren edo nazioarteko mugikortasun-prozesuan dauden pertsona bakarrei eta familiei arreta emateko gune baten bidez egituratzen da. Harrera-guneko arduradunek azaldu dutenez, "pertsona horiek zerbitzu espezifiko bat behar dute, nazioarteko migrazioei buruzko zeharkako begirada bategaz, haiei informatzeko, orientatzeko edo laguntzeko".
Atzerritarra izateak eskubideak baliatzeko aukera zailtzen duela ere azpimarratu dute arduradunek; horregatik, harrera-gune honek atentzio berezia jartzen du zaintzaren sektorean edo etxeko langileengan; izan ere, pertsona horiek atzerritartasun-egoeran egotean eta lan egiten duten sektoreen prekaritateagatik, kalteberatasun sozial eta ekonomiko handian daude.
Horrez gain, zerbitzuak edozein arlotako udal-teknikariak eta zerbitzu mankomunatuetako profesionalak ere artatzen ditu, migrazio- edo atzerritartasun-gaiei buruzko informazioa behar dutenean, bai eta Sopela osoko gainerako biztanleei buruzkoa ere.
Brasildarrak eta kolonbiarrak
Orain arte, 92 pertsona artatu dituztela zehaztu dute, horietatik 60 emakumeak eta 32 gizonak. Horien jatorri nagusiak Brasil (% 18), Kolonbia (% 15), Bolivia (% 9) eta Maroko (% 9) izan dira. Bestalde, artatutako pertsonen nazionalitate nagusiak Brasil (% 16), Kolonbia (% 14), Maroko (% 10) eta Espainia (% 9) izan dira.
Sopela Anitza zerbitzua Udalaren Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasun eta Lankidetza Arloaren bidez gauzatzen da, eta artatuak izateko hitzorduak arreta zerbitzuko langileek esleitzen dituzte. Aparteko egoeretan, hitzorduak telefonoz emateko aukera ere aurreikusten dute, 944 065 500 zenbakiaren bitartez. Gainera, 2023ko otsailetik aurrera, aurrez aurreko arreta ere emango dute Landa Doktorearen kaleko 3. zenbakian dauden udal-lokaletan, barikuetan, 09:00etatik 13:00etara.