Ezbeharra 18:30ak aldera jazo zen, Salamancako Villares de la Reina industrigunetik hurbil pasatzen den N-620 errepidean. Dominguez entrenatzen ari zela kamoi batek harrapatu zuen eta lekuan zendu zen. Gaztea artatzera bertaratu ziren larrialdi-zerbitzuetako kideek bere heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin.
Txirrindulariak iaz debutatu zuen 23 urtez azpikoen kategorian Sopela Women´s Team UCI World Tour taldean. Urtarrilaren erdialdean, Estela Dominguezek Espainiako Ziklo-kros Txapelketan ere parte hartu zuen, eta zazpigarren postua lortu zuen 23 urtez azpiko proban. Horri esker, Espainiako Txirrindularitza Federazioak Munduko Ziklo-kros Kopan parte hartzeko deialdia egin zion, Benidormen.
19 urte besterik ez zituen gazteari aitarengandik zetorkion zaletasuna, Juan Carlos Dominguez txirrindulari profesionala izan baitzen. Dominguez Salamankako unibertsitatean Giza Baliabideak eta Lan Harremanak ari zen ikasten.
Sopelako taldeak txirrindulari gaztearen heriotza deitoratu du sare sozialetatik eta doluminak eman dizkie senitartekoei:
Con inmenso dolor, hemos conocido que nuestra ciclista Estela Domínguez ha fallecido esta tarde, víctima de un atropello mientras entrenaba. Acompañamos a la familia en estos terribles momentos. Descansa en paz pic.twitter.com/JrecoiFeZG
— Sopela Women's Team (@SopelaTeam) February 9, 2023