Sopelan ludopatia autodiagnostikatzea ahalbidetuko duen jokoaren aurkako kanpaina abiatu dute

Erredakzioa 2023ko ots. 15a, 08:00

Sopelako Udalak Ez utzi harrapatzen kanpaina jarri du abian, mendekotasunek ausazko jokoetan eta kirol-apustuetan izan ditzaketen arriskuei buruz sentsibilizatzeko eta prebenitzeko. Kanpainaren helburua da fenomeno horri buruz hausnartzea eta herritarrengan jokabide arriskutsuak prebenitzea, bereziki gazteengan, ludopatia-tasa handienak 14 eta 21 urte bitarteko pertsonengan ematen baitira.

Gaur, hilak 14, Sopelako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin duteen kanpainaren aurkezpenean, Josu Landaluzek, Sopelako alkate jeltzaleak azpimarratu duenez, “herri eta gizarte gisa joko arduratsuagaz eta ludopatiaren prebentzioagaz konprometituta egon behar dugula, mendekotasun horren ondorioz familia askok hautsita amaitu dutelako, eta beste batzuek enplegua galdu dutelako eta jokoagatik beren aukeren gainetik zorpetu direlako".

Bestalde, Teresa Fernandez zinegotzi sozialistak, Udaleko Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasun eta Lankidetza Saileko zinegotziak, nabarmendu duenez, “gero eta jokalari gehiago dagoenez eta gero eta jende gazteagoarengan duen eragina kontuan hartuta, zorizko jokoek eta kirol-apustuek adikzioen eta joko patologikoaren garapena prebenitzeko izan ditzaketen arriskuak eta ondorioak azpimarratu nahi ditugu, sopeloztar gizarteari erabilera arduratsuaren sustapena ezagutaraztea bideratutako mezu zuzen bategaz”.

Kanpaina

Kanpainak “arreta deitzeko deia” goraipatzen duela azaldu dute udal-iturriek eta “arrisku eta klaustrofobia sentsazioa transmititu gura du, ausazko jokoetatik eta kirol apustuetatik eratorritako adikzioek harrapatuta geratzeak dakarren arriskuaren ideia azpimarratzeko”, azpimarratu du zinegotzi sozialistak.

Kanpaina hedatzeko kontzientziazioari buruzko informazio-kartelak jarriko dituzte ikusgai Sopelako eta Larrabasterrako Bizkaibuseko markesinetan eta metro-geltokietan. Gainera, horretarako bereziki grabatutako bideo bat sare sozialetan zabalduko dute kanpainaren hedapena indartzeko eta herritar guztiengana iristeko.

Aldi berean, kanpainako kartelakaz batera doan QR kodearen bidez eskuratu ahal izango den autodiagnostikoko test bat  ahalbidetuko dute. Bertan, pertsona bakoitzak ludopatiagaz benetan arazorik duen ebaluatu ahal izango du. QR kodeak pertsona bati ludopatiatik ateratzen lagun diezaioketen erakundeei buruzko informazioa ere emango du.

“Oso erraza da ausazko joko bat eskuratzea, baina jokatzen bada, erantzukizunez egin behar da. Herritar batek jokoarekin arazoren bat badu, udalaren eta Mankomunitatearen hainbat baliabide izango ditu mendekotasun horretatik ateratzen laguntzeko”, berretsi du zinegotziak.

Euskadiko gazteria eta jokoa

Jokoaren Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, 2021eko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gazteria eta Jokoa diagnostikoan gazteen % 24,9k aitortu du azken urteetan ausazko jokoetan eta apustuetan jokatu duela, eta, jokatzeko eta apustu egiteko legezko adina 18 urtekoa izan arren, gazteen % 31,8k onartu du adingabea izanik hasi dela jokoan.

Jokoa hasteko adina 16-18 urte bitartekoa da eta joko-motaren arabera aldatzen da; hala, joko-aretoetan 16 urte ingurukoa da, eta kasinoetan 18 urtetik gorakoa. Ausazko jokoakaz praktikatzeko hastapenak taldean ematen dira, baina gaur egun banaka ere ematen dira, behin eta berriz. Ludopaten kopurua egunetik egunera handitzea eragiten duen beste datu bat.

Kasu guztietan, hasiera batean, jolasa gizarte-ekintza bat da, adin jakin batean, bikote-taldeak funtsezko zeregina baitu aisia eta denbora librea antolatzeko eta nortasuna eratzeko. Gazteek uste dute joko-aretoetara edo kasinoetara joatea aukera bat dela jokoak sortzen dituen emozioak gizarteratzeko eta taldearekin partekatzeko.

Joko Arduratsuaren Nazioarteko Eguna

Kanpaina otsailaren 17an zabalduko da, Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunean. Egun honen ospakizuna 2008. urtetik egiten da. European Gambling and Betting Association-ek antolatutako lehen edizioa izan zen eta harrezkero, haren oihartzuna eta zabalkunderako bitartekoak handituz joan dira, eta nazioarteko elkarte eta erakunde batzuek beren gain hartu dute data hori, jarduerak egiteko eta joko arduratsuaren beharrizana goraipatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun