Sopelako Kuadrillak: "Lotsagarria eta tristea da domeka goizean Sopelak zuen irudia"

Ander Zarraga 2023ko ots. 20a, 09:09

Sopelako udaletxeko plazaren inguruak domeka goizean zuen itxura. © DB-TU

Zapatu gauean, ehunka pertsona hurbildu ziren Sopelako inauteriak ospatzera, baina jendetzak antolatzaileen aurreikuspenak eta kontrola gainditu zituen, eta, hurrengo egunean, domeka goizean, udaletxeko plazako ingurua plastikozko zabor-alfonbra batek estaltzen zuen. Sopelako Kuadrillak elkarteak aitortu duenez, "inork ez zuen espero eta kontrolaezina bilakatu zen". 

Domekan, sare sozialetatik zabaldutako komunikatu baten bitartez, Sopelako Kuadrillek zapatuan udalerrira inauteriak ospatzera hurbildu ziren askok izan zuten jarrera salatu zuten: "Benetan lotsagarria eta tristea da gaur goizean Sopelak duen irudia: kaleak zaborrez beteta, taberna batzuetako materialak apurtuta...".

Azaldu dutenez, elkarteak antolatzen dituen jarduerak geroz eta arrakasta gehiago ari dira izaten, "horren ondorioz, geroz eta gehiago dira gure herrira hurbiltzen diren pertsonak. Dena den, atzo, otsailak 18an gertatu zena ez zuen inork espero eta kontrolaezina bilakatu zen". Gaineratu dutenez, azkenaldian eurak antolatutako jarduera jakin batzuek masifikaziorako joera hartu dute, "eta sustatu nahi dugun aisialdi eredutik asko aldendu dira". 

Sopelako Kuadrillek euren erantzukizun partea onartu dute, eta iragarri dute horrelakoak ekidin aldera egoera "sakonean" aztertuko dutela, "gertatutakoa errepikatu ez dadin". Halaber, azpimarratu dute horrelakoek ez diotela herriari ezer positiborik ekartzen. 

Helburu argia

Gertatutakoa gaitzesteaz gain, Sopelako Kuadrillek elkartasun osoa adierazi gura izan diete kalteak jaso dituzten guztiei, "bereziki, momentu honetan lanean ari diren garbikuntzako eta udaletxeko langileei". Halaber, gazteen elkarteko kideek euren helburua ere berretsi gura izan dute: "kuadrillen arteko harremanak sendotu, herria girotu, aisialdi eskaintza alternatibo bat planteatu eta, epe luzera, Sopela bizigarriago bat lortu". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun