Atzo jokatu zuten lehen partidan 500 ikusletik gora batu ziren Ezkurdi frontoian. Bertan, Maite Ortiz de Mendibilek eta Maialen Aldazabalek joko biak irabazi zituzten Ihart Arakistain eta Frida Watkinsen kontra. Hasiera batean, urduritasunaren eraginez, atzetik hasi arren, Ortiz de Mendibilek aurrean asmatzea lortu zuen eta jokoari buelta ematea lortu zuen. Bigarren jokoa ere oso berdinduta eta emozioz betea egon zen, eta tanto politak egon ziren bikote bien aldetik. Azkenean, 11-12 eta 13-13 egin ostean, azken tanto biak Ortiz de Mendibilen eta Aldazabalen aldera joan ziren: 15-13. Horrenbestez bikoteak martxoaren 13an jokatuko den finalerako pasea eskuratu zuten. Gizonezkoetan, Xabi Barandikak joko biak irabazi zituen Johan Sorozabalen kontra: 15-11 eta 15-11
Hurrengo astelehenean, martxoaren 6an, bigarren finalerdiak jokatuko dituzte Helena Barrenetxeak eta Eneritz Lizardik Erika Mugartegiren eta Arai Lejardiren kontra. Gizonen partidua, berriz, honako hau izango da: Aritz Erkiaga Imanol Lopezen aurka. Jaialdi horretarako sarrerak esteka honetan eskuratu daitezke.
Emakumezkoen lehen neguko txapelketa
Emakume puntistak txapelketa propioan ari dira lehiatzen aurreneko aldiz, kirol horretan azken urteetan eman den "aurrerapauso itzelari" esker. Women Winter Series modura izendatu duten lehiaketak hiru asteko iraupena izango du eta gizonezkoetan hain harrera ona izan duen Jai Alai Winter Series formatua jarraituko du. Kasu honetan, partidak Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dituzte, hiru astelehenez, eta, denera, lau bikotek neurtuko dituzte indarrak.