Sopelaren memoria historikoa berreskuratzeko proiektua burutu dute

Ander Zarraga 2023ko mar. 2a, 15:46

Munarrikoalandako bunkerraren artxiboko argazkia.

Eusko Ikaskuntzak eta Sopelako Udalak 1890 eta 1950 urteen artean udalerrian bizitakoak gogoratzeko proiektua egin dute, eta horren emaitzak martxoaren 10ean aurkeztuko dituzte Kurtzio kultur etxean. Koldo Somocueto historialariren gidaritzapean egin dute ikerketa, Sopelaren historia azaltzen duten hainbat dokumenturen bitartez. 

Sopelak 1890 eta 1950 urteen bitartean izandako ibilbidea biltzen duen Sopela, 60 urteko historia: Errestauraziotik Frankismora lana egin du Koldo Somocueto Eusko Ikaskuntzako historialariak. Horretarako, bere lana historiako bost sasoitan banatu Somocuetok: Errestaurazioa, Primo de Riveraren diktadura, Bigarren Errepublika, Gerra Zibila eta Frankismoaren hasiera. 

Duela bi urte hasi zen 500 orrialde baino gehiagoko ikerketa-lan sakonak atzera begirada bat proposatzen du udalerriaren historian, eta, hainbat dokumentu-baliabideren bitartez, Sopelaren bizitza politiko, sozio-ekonomiko eta linguistikoari buruzko argibideak ematen ditu. 

Somocuetoren hitzetan, "Sopelari buruzko atzera begirako lan hutsetik harago doan ikerketa-lan gogorra da; izan ere, termino historikoetan, udalerriak, mugakideak izan ala ez, elkarren artean elkareragiten dute, eta, horregatik, lana kokatuta dagoen aldi historikoak aztertzeko, beste eremu batzuetara ere jo behar da, hala nola Estatura, probintziara edo eskualdekora, udalerrian gertatzen denaren erreferentzia guztiak aurkitzeko".

Horretarako, historialaria Sopelako udal-artxiboan, Bizkaiko Foru Agiritegian edo Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian gordetako dokumentatuetan oinarritzeaz gain, Salamancako Memoria Historikoaren Zentro Dokumentaleko, garaiko prentsa historikoko eta ahozko testigantzak ere batu ditu. 

Lan guztia euskaraz zein gazteleraz argitaratuko den liburu baten bilduko dute. Hori osatzeko, dei egin dute proiektuak hartu dituen urteen arteko –1890etik 1950era– Sopelako argazki zaharrak izan ditzaketen herritarrei horien kopia bat egiteko Kurtzio kultur etxera eraman ditzaten. Halaber, hilaren 10ean proiektuaren aurkezpena egingo dute kultur etxean baita, 10:00etatik aurrera. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun