Daborduko Udaleko beharginek Lemotzako erriberako sasiak moztu dituzte, domekan, 10:00etatik 13:00etara egingo duten zuhaitz-landaketarako lursaila prest egon dadin. Jarduketa Loiola Ander Deuna kalearen parean egingo dute, gasolindegiaren eta oinezkoen pasarelaren atzeko eremuan.
Garbitze-lanetarako eskualdeko enplegu-planeko bost langile baliatu dituzte, eta joan den abendutik lursailean zeuden landare inbaditzaileak ezabatzen aritu dira, baita udal-eremu horretan instalatuta zeuden hainbat baratze eta etxola kendu ere. Halaber, udal-iturriek zehaztu dutenez, zeregin horretarako 2.000 euro inguruko partida bideratu dute bai garbiketa lanetarako baita landatuko diren kimuak eskuratzeko ere.
Eraztun Berdea gauzatzeko kontseiluak deialdian adierazi duenez, "gure errekak eta ibaiertzak biodibertsitate-altxorrak dira, eta, noski, funtsezkoak Sopelako Eraztun Berdea garatzeko eta aberasteko". Horregatik, dei egin diete herritarrei auzolanean parte har dezaten eta joateko asmoa dutenei eskatu diete eskularruak eramateko; gainontzeko tresnak beraiek hornituko dituzte.