“Transexualitatea deskodifikatzen” dokumentala aurkeztu dute gaur Sopelan

Ander Zarraga 2023ko mar. 31a, 14:05

Gaur, martxoak 31, trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna da, trans pertsonek egungo gizartean izan duten eta oraindik ere mantentzen duten borroka gogorra aintzatesteko eta balioesteko eguna, hain zuzen ere. Sopelako Udalak, Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasun Sailaren bitartez, bat egin du gaurko aldarrikapenagaz eta dokumental bat aurkeztu du Valeria Vegas LGTBIQ+ kolektiboko kazetari, idazle, gidoilari eta aktibista protagonista duena. 

Kiko Alcazar argazkilari eta ekoizle artistikoak zuzendu duen proiektuaren emaitza izan da Transexualitatea deskodifikatzen dokumentala. Emaitza Sopelako Udalaren Youtubeko kanalean eta sare sozialetan zabalduko dute eta funtsezko pieza izango da datorren maiatzaren 17an, udalerrian Homofobiaren, Lesbofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren aurkako Munduko Egunean, egingo duten kanpainan.

“Ekimen hau oso garrantzitsua da tabuak apurtzeko eta aldarrikatzeko. Gizarteak trans mugimenduarekin dituen azken kateak apurtzeko unea da, benetako berdintasunaren unea da”, adierazi du Teresa Fernandezek, Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasun Arloko zinegotziak, aurkezpenean.

Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna

Dokumentalean laburbiltzen den bezala, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak argitaratutako datuen arabera, trans pertsonen % 77k diskriminazioa jasan du lanean, % 58k bullyinga eskola-garaian, kolektiboaren % 53k pobrezia jasaten du eta % 55 bere buruaz beste egiten saiatu da bizitzako uneren batean.

Oro har, LGTBIQ kolektiboaren aurkako erasoak % 9,3 igo dira 2021etik, eta gero eta bortitzagoak dira. “Duela urte batzuetatik hona, gorroto-delituek gora egin dute etengabe, eta, tamalez, uste da erasoak askoz gehiago direla, datu ofizialek salaketa formalak baino ez baitituzte erregistratzen”, azpimarratu du Fernandezek.

“Datu kezkagarri horien ondorioz, Sopelako Udalak bat egiten du trans ikusgarritasunaren nazioarteko egunarekin, kolektibo horrek gure babes osoa behar baitu. Gorroto-delituei buruz darabiltzagun datuak okertzen ari dira, eta trans taldea da gehien sufritzen duenetako bat. Horregatik, ezin gara zirkinik egin gabe geratu; Sopela herri irekia da, gorroto delituak onartzen ez dituen herria”, adierazi du Josu Landaluzek, Sopelako alkateak, Sopela “bereizkeriarik gabe, guztiontzako eta diskriminaziorik gabeko espazio anitza dela” esanez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun