Sopelan udako jaietarako motorrak berotzen hasi dira

Ander Zarraga 2023ko api. 12a, 13:20

Sopelako jaien txupinaren jaurtitzea, artxiboko irudian. © SOPELAKO UDALA

Udako festetarako oraindik aste asko falta diren arren, daborduko hasi dituzte horietarako prestakuntza-lanak. Alde batetik, festak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa martxan dago, eta, bestetik, herriko taldeei jaietako kontzertuetan parte hartzeko deia zabaldu diete.

Aurtengo udalako jaiak iragarriko dituen kartela bilatzen hasi dira Sopelan, eta, horretarako, interesa duten guztiei lehiaketan parte hartzeko deia egin die Sopelako Udalak. Ezarri dituzten baldintzen artean, beharrezkoa izango da diseinuak jaiakaz zerikusia izatea eta beste lehiaketa batzuetan saritu bakoa izatea. Lanak Kurtzio kultur etxean aurkeztu beharko dira apirilaren 30a baino lehen.

Teknika eta kolorea libreak izango dira eta tamaina DIN A3koa izango da euskarri zurrunean finkatuta aurkezten bada. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa ere aurkeztu beharko da JPEG formatuan eta 300ppp-tako kalitatean, gutxienez. 

Halaber, kartelean honako testu hau agertu beharko da: "Sopelako jaiak 2023, San Pedro ekainak 28 junio- uztailak 2 julio, Karmenak uztailak 13-16 julio, Sta. Marina uztailak 20 julio".

Lanak egilearen sinadura barik aurkeztu beharko dira eta gutun itxi batean egilearen identifikazio datuak sartuko dira: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Sarien artean, irabazleak 595 euroko dirusaria jasoko du eta ume eta gazteentzako sari bereziak ere egongo dira. Esteka honetan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak.  

Kontzertuetarako deialdia

Jaiak ezin daitezke ulertu musikarik gabe, horregatik, Sopelako Udalak gonbidapena luzatu die herriko musika-taldeei festetako kontzertuetan parte har dezaten. Horretarako, hainbat baldintza ezarri dituzte, hala nola gutxienez partaideetako bat udalerrian erroldatuta egotea eta taldearen musika entzun ahal izateko baliabide bat aurkeztea. Era berean, taldeak aukeratzeko orduan euskara erabiltzea eta emakumezkoen presentzia ere aintzat hartuko dituztela iragarri dute.

Musikariek euren burua aurkeztu dezakete bai email bidez kultura@sopela.eus helbidera euren inguruko informazioa bidaliz edo zuzenean Kurtzio kultur etxean. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun