Sopelako Kuadrillak antolatzen duen Corto Express lehiaketaren edizio berri bat dator. Urtero legez, sare sozialen bitartez iragarriko dute film laburren gaia eta parte hartzaileen lanek bete beharreko ezaugarriak. Horren ostean, kuadrillek zapatu arratsaldera arte izango dute film laburrak grabatu eta editatzeko; horiek aurkeztu ostean, jai berezia egingo dute aurkezten diren film labur guztien proiekzioagaz batera.
Sopelako kuadrillek grabatu beharko dituzten film laburrak antolatzaileek ezarritako gai zehatzean oinarritu beharko dira. Gaia eguen arratsaldean iragarriko dute, eta, horrez gain, filmaketarako hainbat kokapen ere ezarriko dituzte, eta gutxienez horietako bat azaldu beharko da filmaketetan.
Film laburrak zapatuan, hilaren 22an, 18:30ak arte aurkeztu ahalko dira, sopekoor@gmail.com helbidera bidaliz edo memoria eramangarri batean.
Kuadrillen lanen proiekzioa 19:00etan hasiko da Kurtzio kultur etxean, baina sari-banaketa 22:30ean egingo dute Eleizalde kalean. Ordura arte, Cletus and Paletus taldearen kontzertu ibiltaria eta pintxo-afariak girotuko ditu Sopelako kaleak.
Irakurle agurgarria:
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!
Izan zaitez HIRUKAlagun