Udaleku irekietan 4 eta 12 urte bitarteko umeek jolasak eta aisialdi-jarduerak egingo dituzte astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara. 250 umerentzako plazak izango dituzten udaleku irekiak lau txandetan egingo dituzte honako datetan: uztailaren 3tik 14ra, utzailaren 17tik 28ra, abuztuaren 1etik15era eta abuztuaren16tik 31ra.
Musika, dantza eta antzerkiagaz ederto pasatzeko udalekua izango da Musikaz Blai. Horretan, 5 eta 12 urte bitarteko umeak musika eskolan egingo dituzte jarduerak. Uztailaren 3tik 14ra egingo dute txanda bakarra, 09:30etik 13:30era, eta 60 umerentzako plazak egongo dira.
Itsasoagaz kontaktuan egotea nahiago duten gazteentzako Surf Udalekuak ere egingo dituzte Arriatera eta Barinatxe hondartzetako surf-eskoletan. Surfaren bitartez euskararen erabilera eta bestelako kirol eta jarduerak sustatzeko helburua dauka udaleku horrek eta 12 urtetik 17 urtera arteko gazteentzako dago zuzenduta. Ordutegia astelehenetik barikura izango da 10:00etatik 14:00etara eta bi txanda egingo dituzte: uztailaren 3tik 14ra eta 17tik 28ra.
Azkenik, ingelesean eskolen eta jardueren bitartez murgildu gura duten 13 eta 15 urte bitarteko gazteek Summer Camp izango dute. Uztailaren 2tik 15era egingo dute Burgosko probintzian dagoen Beloradu udalerrian eta 18 plaza izango ditu.
Udalekuek ezarritako prezioak dituzte, anai-arreben kopuruaren edo laguntza jasotzen dutenen arabera aldatzen doazenak.
Udalekuetan izena emateko epea maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik eta Kurtzio kultur etxean edo sarrerak.sopela.eus webgunearen bitartez egin daitezke izapideak. Eskabideek plaza kopurua gainditzen badute, zozketa bidez esleituko dira plazak. Beharrezkoa izanez gero, zozketa maiatzaren 18an egingo da, 12: 00etan, Kurtzio kultur etxean eta behin betiko zerrendak maiatzaren 26an argitaratuko dituzte.