Hegazti intsektujale hauek paper garrantzitsua betetzen dute gure ingurumenean, baina gainbeheran daudela jakinarazi du Kiribilek, Sopelako Eraztun Berdearen aldeko elkarteak. Zentzu horretan, enara azpizurien (Delichon urbicum), enara arrunten (Hirundo rustica) eta sorbeltz arrunten (Apus apus) habiak identifikatu eta kokatzeko ekimena abiatu dute.
Habiok ikusteko errazak izan ohi dira, teilatu-hegaletan egin ohi dituztelako. Elkarteko kideek Sopelako eraikinak aztertuko dituzte Afrikatik garai honetan etortzen diren hegazti horien habiak non dauden identifikatu eta zerrendatzeko. Halaber, herritarren laguntza ere eskatu dute zeregin horretarako eta habien kokalekua, hegazti kopurua eta ahal bada argazkiak elkarteari bidaltzeko eskatu dute, kiribile.sopela@gmail.com helbide elektronikora edo sare sozialen bitartez .
Halaber, teilatu-hegaletan habiak izaten dituzten etxebizitzetako bizilagunei Kiribileko kideekaz harremanetan jartzeko ere eskatu diete, gorotzengatik edo bestelako kontuengatik sor ditzaketen eragozpenak konpontzeko. "Ziur konponbide batzuk aplikatu ahal izango direla, eragozpenak gutxitzeko eta habiak eta hegazti garrantzitsu horiek zaintzeko", adierazi dute.