Lau tapoi tona bildu dituzte Sopelako herritarrek ongintza kausetan laguntzeko asmoagaz

Nahia Martinez Gondra 2023ko mai. 4a, 12:02

Sopelako Udalak 2020an jarri zuen martxan tapoi-bilketaren ekimena © SOPELAKO UDALA

2020an tapoiak elkartasunez biltzeko ekimen bat jarri zuen martxan Sopelako Udalak udalerrian birziklatzeko ohitura sustatzeko, baita ingurumenaren kontzientziazioa hauspotzeko helburuagaz ere. Ordutik, Sopelako herritarrek tapoiak biltzen dituzte hainbat erakunde eta ongintzazko kausaren alde, eta, egun, lau tapoi tona baino gehiago batu dituzte.

Ingurumena zaintzeaz gain, tapoi-bilketagaz lortutako dirua Sanfilippo Euskal Elkarteari zuzentzen zaio, Euskadiko Sanfilippo sindromea duten haurren senide eta lagunek osatutako elkarteari, hain zuzen. Gaur egun, gaixotasun hori duten zazpi kasu egiaztatu dituzte EAEn, bat Gipuzkoan eta sei Bizkaian, horietako hiru anai-arrebak izanda.

Sopelako Udalak instalatutako lau edukiontzi grisetan biltzen dira tapoiak, hurrengo guneetan kokatuak: udalerriko turismo bulegoaren aurrean, udaletxearen ondoan; Larrabasterrako Urgitxieta plazan, Uribe Kostako Mankomunitatearen bulegoaren ondoan; Arrietan, Solondota eta Arrietara kaleen arteko bidegurutzean, Indian tabernaren parean; eta Atxabiribil hondartzan, lurpeko edukiontzien eta autobus geltokiaren ondoan. Halaber, edukiontzi horiek guztiak birziklatze-uharteetatik hurbil daude.

Ekimenaren inguruko informazio gehiago hurrengo webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun