Hilaren 19tik 21era Kurtzio kultur etxean egingo dituzte Sopelako III. Argazki Jardunaldiak. Barikuan, hasierako ekitaldia egingo dute Juan Luis Ajuriaguerra argazkilari saridunagaz batera. Ostean, 19:00etatik aurrera, Sonymage proiektuaren aurkezpena izango da jardunaldien lehen berbaldia. Sonymage arteagaz eta argazkilaritzagaz lotutako proiektua da, argazkilari amaturrek egiten dituzten lan bikainak partekatzeko eta zaleen formakuntzagaz lotutako egitasmoa, hain zuzen ere.
Zapatuan, hilak 20, David de la Iglesia paisaien argazkigintzan espezializatutako fotografo ezagunak irteera bat gidatuko du goizaldean zaleakaz bere jakintza partekatzeko. Tailerra egunsentian egingo dute eta lekua eta ordua izena ematen duten 20 pertsonei jakinaraziko diete eguna heldu ahala. Ostean, Fujifilm, National Geographic edo Eusko Jaurlaritza bezalako bezeroentzako lan egin duen argazkilariak bi berbaldi eskainiko ditu, bat goizean eta arratsaldean bestea.
Bukatzeko, domeka goizean, Paisaiaren argazkigintzaren hastapenak izeneko ateraldia egingo dute Sopelan UK Foto eta Sonymage elkarteko kideakaz batera.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik horietan izena eman beharko da. Horretarako bi aukera daude: zuzenean jardunaldiak egingo diren Kurtzio kultur etxean izena ematea edo izapideak Sopelako udal-webguneko sarreren atalean ere egitea.
Esteka honetan deskargatu daiteke jardunaldien programa osoa.