Hainbat urtez, Sopelako jaietako txosna-gunea Akilino Arriola kalean kokatua izan da, elizaren parean, baina, gaur gaurkoz, kale horretan lanak ari dira egiten. Hala ere, alkateak berak berretsi zuenaren arabera, udaletxetik San Pedro elizara doazen lanak maiatzaren amaieran bukatuta egon beharko lirateke, hala jakinarazi baitzuen gobernu-taldeak apirileko osoko bilkuran.
Halaber, Sopela eta Larrabasterrako Txosna Batzordeko kideek adierazi dutenaren arabera, Udalari zuzenean galdetu diote lanon inguruan, eta erantzuna izan da Sopelako jaietako txosnak Loroñoko aparkalekuan jarri beharko dituztela. Udal-teknikariek azaldutakoaren arabera, erabaki hori hartu dute herriko kale nagusian oinezkoentzako bilakatzeko obrak direla eta. "Akilino Arriola eta Elizalde kaleen arteko bidegurutzearen arteko espaloien baldosa eta galtzadarrien akaberak uztailaren erdialdera arte ez dira amaituta egongo", izan da alkateak Txosna Batzordeari emandako argudioa, komunikatuan adierazi dutenez.
Kontraesan horren aurrean, Txosna Batzordeko kideek alkateari "gezurretan" aritzea leporatu diote: "Komunikabideetan gezurra esan du, ala guri ziria sartu nahia dabil txosna-gunea behin betiko herritik ateratzeko?". Ezjakintasun egoera horren aurrean Sopelako Udaleko arduradun politikoakaz urgentziazko bilera eskatu dute eta "arrazoi teknikoak" ematen ez dizkieten bitartea txosna-gunea ez lekualdatzea erabaki dute.
Halaber, komunikatuan txosnak herrigunean kokatzearen garrantzia ere nabarmendu gura izan dute, herriko jaiak erdigunean izan behar direla ulertzen dutelako. "Azpimarratu behar dugu urte luzeetan zehar lan handia egin dela Sopelako elkarte eta kolektibo desberdinen aldetik jai herrikoi, parte-hartzaile, parekide eta euskaldunak sustatze aldera", gaineratu dute.