Ertzaintzak eguaztenean, ekainaren 7an, jaso zuen abisua; lekukoek adierazi zuten gizon bat Barinatxa hondartzan argazkiak ateratzen ari zela. Bertaratu zirenean, polizia-patruila bertako hainbat pertsonakaz harremanetan jarri zen, besteak beste, hareatzako sorosle bategaz, eta hark eman zuen abisua.
Gertakarien lekukoek adierazi zutenez, inplikatutako pertsona, han zegoena, itsasertzean zegoen, telefono mugikor bategaz, eremu nudistako erabiltzaileak bainatzera zihoazen bitartean. Egiten ari zenari buruzko azalpenak eskatu zizkionean, inplikatuak modu bortitzean erantzun zien lekukoei. Ertzainek mugikorraren edukia erakusteko eskatu zioten gizonari, eta egiaztatu zuten une horretan aplikazio bat irudi batzuk hodeian kargatzen ari zela.
Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, Ertzaintzaren baliabideak honako hauek hartu zizkion pertsonari: telefono mugikor bat, tableta bat, ordenagailu eramangarri bat eta argazki-kamera baten memoria-txartelak. Horiek guztiak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatera bidalitako objektuak dira, edukia delitu izan daitekeen jakiteko. Bien bitartean, identifikatutako pertsonari intimitatearen aurkako ustezko delitu bat ikertzeko eginbideak ireki zaizkio, Segurtasun Sailak adierazi duenez.