Abuztuaren 13ra arte

Surfaren oinarri zientifikoak azaltzen dituen erakusketa ikus daiteke Sopelan

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 2a, 12:14

Erakusketa hiru infografiez osatuta dago. © EUSKAMPUS

"Surfa eta zientzia" izena daraman erakusketa ikus daiteke egunotan Sopelan, abuztuaren 13ra arte. Infografia ezberdinen bitartez, surfa ikuspegi zientifikotik azaltzeko asmoa du EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean abian jarritako ekimena. Erakusketa Atxabiribil hondartzaren ondoan ikusgai dago.

Hilaren 13ra bitartean, Sopelako Atxabiribil hondartzaren ondoan ikusgai dauden irudietan surf oholen teknologia, olatuak nola sortzen diren azaltzeko informazioa eta kirolaren praktikaren inguruko xehetasun zientifikoak azaltzen dira.

Erakusketa hiru irudik osatzen dute. Lehenengoan, oholen teknologia eta historian zehar izan duten garapena deskribatuta dago, zurezkoetatik material berriakaz egindakoetara emandako aldaketak modu bisualean erakutsiz. Bigarren irudian, berriz, olatuen sorreran haizeak, periodoak edota mareek daukaten eragina zehazten da, eta surf egiteko olatu egokienak zeintzuk diren deskribatuta dago. Azkenik, erakusketa osatzen duen hirugarren irudian, surfa nola egiten den azaltzen da eta, betiere ikuspegi zientifiko batetik, olatua hartu eta horren gainean mugitzeko zehaztasunak ematen dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun