Natura, surfa, kultura eta uda uztartuko dituen Sopela Kosta Fest 2023 jaialdiak askotariko eskaintza ekarriko du irailaren akabuan eta, musikaren arloan, eskaintza zabala izango du gozagai. Hala, aurtengo kartela Stay Homas, O 'Funkillo, Olaia Inziarte, Ezpalak, Ibilbedi, Pasadena, Rüdiger, Lorelei Green eta Cecilia Paynek osatuko dute.
Kirolean, surfak eta irristatze-jarduerek leku nabarmena izango dute jaialdi osoan. Besteak beste, Arriatera-Atxabiribil hondartzan Euskal Surf Zirkuitua, Euskal Herriko Surf Txapelketa eta Euskal Herriko Beteranoen Surf Txapelketa jokatuko dira. Aldi berean, Barinatxe hondartzan III. Open Waveski SKF-BPT eta VI. Kayaksurf SKF-BPT Kopa ospatuko dira. Horrez gain, skate txapelketa eta txikienentzako sorospen tailerra eta surf ikastaro egokitua izango dira, Peñatxuri Surf Eskolaren eskutik.
Programazioa osatzeko, askotariko alorretako hainbat jarduera egongo dira gozagai, hala nola Sopelako argazki-lehiaketaren hirugarren edizioko erakusketa, kalistenia, parkour eta slackline tailerrak, kometa estatiko eta akrobatikoen erakustaldia edo itsas kantuen errezitaldia. Halaber, aurten ere ez dira faltako tai xi eta ekialdeko praktiken tailerra, yoga, haurrentzako tailerrak, hareazko eskulturak egiteko jarduera, hegaluzearen eta sagardoaren dastatze gastronomikoa, ezta Agurea, urpekaria eta itsasoa kaleko antzezlana, ere.
Bestalde, edizio berri honek udalerria zeharkatzen duen Burdin Hesiaren aztarnak eta Sopelako Eraztun Berdea –Kiribile elkartearen eskutik– ezagutzeko bisita gidatuak ekarriko ditu, baita Meteoritoaren Aztarna izeneko ibilbide geoturistiko gidatua eta Flyscheko itsaslabarretara bisita gidatua ere.
Inskripzioak
Programazio osoa irailaren 4tik aurrera egongo da eskuragarri www.sopelakostafest.com web orrian. Jardueretan parte hartzeko izen-emateak irailaren 11tik 19ra bitartean egin beharko dira udal webgunean.