Udal-iturriek jakinarazi dutenez, Aldeko kalean kokatuta dagoen supermerkatuari buruzko etengabeko kexak direla eta, udal-gobernuak, Udaltzaingoak eta Sopelako Udaleko obra eta zerbitzuen atalak kale horretan trafikoa berrantolatzea proposatzen dute.
Azaldu dutenez, esku-hartze horren azken helburua autorik ez pilatzea da, bezeroak supermerkatuko aparkalekua erabiltzera behartuz eta garraiolarien zamalanak hobeto antolatuz. Aldeko kaleko trafikoaren egungo antolaketak bi noranzkoko bide batek osatzen du eta alde batean lineako aparkalekuak ditu.
Zehazki honako neurriak proposatu ditu Udalak: batetik, trafiko-errei bat kentzea, kalea noranzko bakarrekoa eginez Uribe Bazterra kaletik Bareño kaleraino. Horrela, erabilgarri dagoen azalera berria erabiliko dute aparkaleku-plazen konfigurazioa aldatzeko, plazak lineatik bateriara aldatuz. Bestalde, supermerkatuaren eremuan gaur egun dauden aparkalekuak kenduko dituzte eta ibilgailuak espaloien gainean aparkatzea eragozten duten elementuak jarriko dituzte.
Neurri horien azken helburua supermerkatuaren inguruan trafikoa ez pilatzea dela azpimarratu dute Udaletik, inguruko bizilagunentzako zarata-eragozpenak murriztuz. Horrela, gidariak eta erabiltzaileak supermerkatuko aparkalekua erabiltzera eta garraio-ibilgailuak programatutako zamalanak egitera behartu gura dituzte, zentroko atean aparkatzeko aukera saihestuz.