Jarduerak irailaren 8an, 18:30etan eta 20:00etan garatuko diren bi saiogaz hasiko dira udaletxeko berdegunean, ikuslego guztiarentzat zirkua eta dantza akrobatikoa uztartzen dituen Baktana izeneko ikuskizunagaz. Zapatuan, irailaren 9an, udaletxeko plazan kokaturiko nekazal azokak euskal produkturik hoberenak ekarriko ditu 10:00etatik 15:00etara. Euskal baserri munduko hainbat produktu tipiko aurkitu ahal izango dira: barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen eratorriak, ogia, pastelak, eztia, txorizoa, kontserbak, sagardoa edo txakolina, landare apaingarriak eta produktu ekologikoak ahaztu gabe. Azokagaz uztartuz, goiz guztian zehar, Barinatze Txistu Taldeak eta Sopela Kantariren kalejirak herriko bazterrak alaituko dituzte.
Halaber, Zirrimarra Elkarteak ere bere aletxoa jarri gura izan du elkarteko kideek egindako obrez osaturiko pintura erakusketa interesgarri bategaz. Erakusketa ikusgai izango da bai zapatuan eta bai domekan 11:00etatik 20:00etara. Azkenik, eguna ondo amaitzeko, 20:00etan, Kresalaren Hitaz Orhoit, gerren biktimak omentzen dituen dantza ikuskizuna egingo dute udaletxeko berdegunean.
Sukalki Txapelketa
Domekan, irailaren 10ean, 10:00etatik aurrera Sukalki Txapelketa burutuko da udaletxeko plazan (izen-ematea 10:00etatik 11:00etara udaletxean bertan). 12:00etatik aurrera Herri Kirolen txanda izango da, Bizkaiko Emakumezkoen eta Gizonezkoen Harrizulatzaile Txapelketaren ospakizunagaz Udaletxeko plazan. Ondoren, 13:00etan, Lagun Artea Abesbatzak kontzertua emango du.
14:00 eta 14:30 bitartean Sukalki Txapelketaren kazolen aurkezpena eta 15:00etan sari-banaketa ospatuko dira. Bitartean, Sopelako panderojoleek herriko kaleetan zehar arituko dira. 17:30etatik aurrera, dantza protagonista Eleizalde kaleko kioskoaren inguruan Las Palmeras taldearen eskutik egingo den txitxarrilloagaz. Eguna itxiko du 18:00etatik aurrera Jauregizar Plazan ikusgai egongo den Potxin eta Patxinen Baserrian umeentzako ikuskizunak.
Egitaraua:
Irailak 8, barikua
- 18:30 eta 20:00 saio bikoitza BAKTANA (Cía. Lazuz) zirku eta dantza akrobatikoaren ikuskizuna publiko guztientzat, udaletxeko berdegunean.
Irailak 9, zapatua
- 10:00-15:00 Nekazal Azoka, udaletxeko plazan.
- 11:00-20:00 Zirrimarra Elkarteak antolatutako pintura erakusketa
- 20:00 Hitaz Orhoit dantza Kresala konpainiaren eskutik udaletxeko berdegunean.
- 20:00 Barinatxe txistu taldearen eta Sopela Kantariren kalejira herriko kaleetan zehar.
Irailak 10, domeka
- 10:00-11:00 Sukalki txapelketaren izen-ematea udaletxean.
- 11:00-14:00 Sopelako Panderojoleak herriko kaleetatik zehar.
- 11:00-20:00 Zirrimarra Elkarteak antolatutako pintura erakusketa
- 12:00 Herri kirolak udaletxeko plazan: Bizkaiko emakumezko eta gizonezko harri-zulatzaile txapelketa.
- 13:00 Lagun Artean abesbatzaren kontzertua.
- 14:00-14:30 Sukalki txapelketaren kazolen aurkezpena.
- 15:00 Sukalki txapelketaren sari-banaketa.
- 17:30 Txitxarrilloa, Eleizalde kaleko kioskoan: Los Palmeras taldea.
- 18:00 Potxin eta Patxinen “Baserrian” umeentzako ikuskizuna Jauregizar plazan.