Hiru baldintza ezartzen ditu Sopelako Udalak deialdi honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko: goi-mailako edo errendimendu handiko kirolaria, teknikaria edo epailea izatea; udalerrian gutxienez etenik gabeko bizilekua izatea eta urtean 27.000 euro gordinetik gorako diru-sarrerarik ez jasotzea. Modu horretan, baldintzak betetzen dituzten pertsonei 900 euro emango dizkiete goi-mailako kirolari, teknikari eta epaileen kasuan, eta 800 euro errendimendu handiko kirolari, teknikari eta epaileen kasuan.
Eskaerei dagokionez, laguntzak jasotzeko eskabideak I. eranskineko eskabide-orrian aurkeztu beharko dituzte interesatuek. Udalak eredu hori telematikoki eman ahal izango die hala eskatzen duten pertsona guztiei. Eskabide-orriagaz batera, eranskin gisa agertzen diren gainerako inprimakiak eta bestelako agiriak aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta.
Eskaera horiek Sopelako Udaleko Erregistro Orokorrean (Sabino Arana kalea, 1) edo Larrabasterrako Loiola Ander Deuna kaleko 28. zenbakian dagoen Herritarrentzako Arreta Bulegoan aurkeztu beharko dituzte. Era berean, udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa ere erabili ahal izango da, udalaren webgunearen bidez, hemen.