Sportjam Surftest azokara joan eta produktuak probatu gura dituen edonork izena eman beharko du euren webgunean. Hala, azokako harreran, eskumuturreko bat emango dute standetako produktu guztiak probatu ahal izateko.
Gainera antolatzaileek nabarmendu dute azokako edozein produktu frogatu daitekeela: "Surf ohol bat probatu gura baduzu, Arrietarako olatuakaz gozatu ahal izango duzu. Patinete bat probatu gura baduzu, hondartzako malekoi osoan zehar egin ahal izango duzu. Horrela, hondartza osora zabaltzen da azoka, eta ez da soilik erakusketa-espaziora mugatzen. Askeagoa, biziagoa eta errealagoa da aurton". Halaber, jakinarazi dute daborduko bi edizio egin direnez, ekitaldiak ia 1.500 pertsona dituela inskribatuta. Gero emakume gehiagok eman dute izena, zehazki, % 40koa da euren presentzia.
Hiru etapa osagarri
Uztailean, Angelun ospatu zuten Sportjam Surftesta, irailaren hasieran, Donostian eta Sopelan zirkuitua itxiko dute. Angelu, Donostia eta Sopela hiriak oso lotuta daude surf bizimoduagaz, horregatik, Sportjam Surftest bat antolatzeko baldintza ezin hobeak betetzen dituzte: surf leku ezagunak itsasorako sarbide zuzenagaz, ostatuen kalitatea, eskaintza gastronomiko bikaina, hurbileko aireportuak, etab.