Sopelako Udalak zerbitzua gauzatzean antzemandako akatsak zuzentzeko beharra aurkeztu dio lorategi eta bide publikoen mantentze-lanen ardura duen enpresari. Honakoak azpimarratu dituzte: belarrez estalitako txorkoak, zuhaiztiak ez birjartzea, pintatuta edo hutsik dauden lorategiak, ebaki gabeko eremuak eta zuhaixkak, mantentze-lanik gabeko biribilguneak, etab. Hurrengo bilera azaroaren 23an izango da eta bertan antzemandako akatsen eta hiruhileko planaren inguruan egindako lana ebaluatuko du Udalak.
Irailaren 29an, Sopelako Udalak bigarren bilera bat egin zuen Samyl lorezaintza-enpresagaz. Bertan, antzemandako akatsak zuzentzeko plan bat eskatu zuten, eta udagoieneko denboraldian nahitaez enpresak egin behar dituen jarduera espezifikoak gogorarazi zizkien Udalak. Besteen artean, sasoiko landarea landatzea, inausketak egitea edota zuhaitzak eta lorategiak berrikustea.Bilera horretan, txorkoetako belarrak kentzeko beharra azpimarratu zuten, baita Olabide eta Enrique Urrutikoetxea inguruko bidegorria oztopatzen duen zuhaitzen inausketa ere.
Urtearen amaierara arte, hiru hilean behingo jarduera-planaren zain geldituko da Udala, bai eta urriaren 11n enpresaren eta langileen artean hitzarmen kolektiboa negoziatzeko egindako bileraren informazioaren zain ere. Hurrengo batzarra azaroaren 23an izango da eta bertan antzemandako akatsen eta hiruhileko planaren inguruan egindako lana ebaluatuko du Udalak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.