Udalak Loroño eta Abaron kokatuta dauden bi partzela erabili gura ditu Zipiriñe eta Iberreko hezkuntza zentroak handitu ahal izateko. Aitzitik, partzela horiek hezkuntzarako erabiltzeko hirigintza araudia aldatu behar da. Aldaketa horren behin behineko onarpena iraileko osoko bilkuran bozkatu behar zen baina Auzokideen Alternatibak, besteak beste, alegazioa sartu zuen aldaketa horren aurka. Gaurko osoko bilkuran alegazio horiei erantzuna emango zaie.
Gai horrez gain, zenbait zerga eta tasen eguneraketak bozkatuko dituzte, ondasun higiezinen gaineko zerga, hondakinen kudeaketa eta Kurtzioko kultur etxearen erabileragatik kobratzen diren tasak.
Azkenik, zenbait mozio aurkeztuko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskarari buruz emandako epaiaren inguruan Eudelek egindako adierazpena, pentsiodunen eskabideak babesteko mozioa eta etxez etxeko zerbitzuko langileen lan baldintzak hobetzeari buruzko mozioa.