Sopelako Kiribile elkarteak herriko enaren eta sorbeltzen lehenengo mapa osatu du

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 26a, 14:36

Enara azpizuria. © KIRIBILE

Sopelako Kiribile elkarteak udaberri eta udan zehar garatu duen Enara kanpainaren emaitzak ikusgai daude. Kanpainaren dinamikarako, elkarteak hamar auzokideren parte-hartzearen laguntza jaso du, haien argazkiak eta informazioak bilduz. Hala, Sopelako enara arrunten, enara azpizurien eta sorbeltz arrunten inguruko emaitzak osatu dituzte, eta, orain, dokumentu batean partekatu dituzte. Lortutako informazioa ikusirik, elkarteak nabarmendu du dinamika errepikatzeko gogoak dituela.

Enara arruntari dagokionez, baieztatutako 18 habi daude Sopelan, eta erabilitako habiak 14 dira. Enara ugaltzaileak 28 dira, eta enara berrien estimazioa 56, 4 habi bakoitzeko. Halaber, 84 enara dira Afrikara itzuli direnak. Espezie honi dagokionez, habi gehiago egon daitezkeela uste du elkarteak eta lehenengo ekimen honetan ezin izan dituzte guztiak baieztatu.

Enara azpizuriaren aldetik, baieztatutako 81 habi eta ondar daude, eta erabilitako habiak 67 dira. Enara ugaltzaileak 134 dira, eta enara berrien estimazioa 268, lau habi bakoitzeko. Halaber, 402 enara dira Afrikara itzuli direnak. Elkarteak partekatutako txostenean adierazi duenez, habi hauek topatzea "errazagoa" izan da, izan ere, eraikinen aleroetan daudenez ikusi egiten zituzten. Nahiz eta ez duten apurtutako habien inguruan zenbaketa ofizialik egin, inoiz habiak egon diren aztarnak hainbat tokitan ikusi dituzte. Batzuk zenbatu eta atari horiek ere buzoneatu dituzte elkarteko kideek aurrerago zenbaketa berri bat egitekotan horiek ere kontuan hartzeko.

Bukatzeko, sorbeltz arruntari dagokionez, baieztatutako eta erabilitako 30 habi daude. Ugaltzaileak 60 dira, eta estimazioa 60 ere, bi habi bakoitzeko. Halaber, 120 sorbeltz dira Afrikara itzuli direnak. Elkarteak adierazi duenez espezie honi jarraipena egitea "zaila" izan da. Habiak zuloetan egiten dituzte eta beraz, ez dira bistan egoten. Non kumatzen ari diren jakiteko, hegan ikusten zituztenean gelditu behar izan dira eta tarte luzeko behaketak egin. Behin habi bat kokatuta, gehiago daudela jakiteko, behaketa, gorotzen aztarnak eta inguruan dauden antzeko zuloei erreparatu beharko diete.

Halaber, Ander Deuna ikastolan dagoen kolonia azpimarratu dute: "Zulo asko daude eta bietan behintzat sartzen ikusi genituen. Gainera, beste zazpi zuloen azpian gorotzen aztarna zeudela baieztatu genuen eta beraz kumatzen egon direla baieztatutzat eman dugu".

Orotara, Kiribile elkarteak Sopelako enaren eta sorbeltzen lehenengo argazkia eta mapa landu du, ekimen hau errepikatzeko gogoak nabarmenduz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun