Hitzartutakoaren arabera, Sopelako Udalak lurzatia eta haren eraikigarritasuna lagako ditu, eta sozietate publikoak, berriz, udalaren jabetzakoa izango den lokal bat eraikiko du bertan eguneko zentro berri bat sortzeko. Babes ofizialeko etxebizitzen sustapen honi buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke.
Eraikinaren atzeko aldean, berdegune bat edo aparkaleku bat jartzea komeni den ala ez zehaztuko da. Era berean, eraikinak garaje propioa izango du, etxebizitza bakoitzeko partzela banagaz. Nabarmentzekoa da etxebizitza guztiak energetikoki jasangarriak izango direla, Visesaren sustapenetan ohikoa den bezala: fatxada aireztatua, isolamendu termikoa, plaka fotovoltaikoak, aireztapen-sistema mekanikoa, etab. Hori guztia, energia-kontsumoa murrizteko helburuagaz eta iraunkortasun-irizpideakaz bat etorriz, proiektua Next Generation Funtsen bidez finantzatuko baita.
Obrak 2025eko ekainean amaitzea aurreikusten da. Halaber, etxebizitzen eskritura- eta emate-fasea 2026ko apirilean amaituko da, eta Udalak argi du "eraikuntza amaitzeko epeak zorrotz beteko direla".
Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik azaldu duenez, sailak Sopelan dituen proiektuek "udalerriko etxebizitzaren erronkari erantzun nahi diote, eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza duina eta irisgarria izateko eskubidea azkartzeko hartutako konpromisoaren barruan sartzen dira".
Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonen hitzetan, jarduera honek udalerriko etxebizitza-parke publikoa indartzea dakar, herritarrei eta haien beharrei erantzuteko". Alkatearen esanetan, Loiolako BOEen eraikuntzak legealdi honetan hasi nahi dituzten beste proiektu askoren abiapuntua izan behar du, hala nola Asu, Abaro eta Erripako etxebizitzena. "Sopelak etxebizitza-arazo larria du. Gazteek herritik beste udalerri batzuetara joan behar dute bizitzera. Hemen geratzea nahi dugu. Eta etxebizitzarik ez duten beste pertsona batzuk Sopelan bizi ahal izatea nahi dugu", nabarmendu du.