Jokalariek ikuskizun izugarria eskaini zieten Miruaitz pilotalekura hurbildu ziren ikusleei. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, "txapelketako partidarik onena izan zen, laurak maila oso altuan aritu ziren; aspaldiko partidarik onena".
Elite Txapelketako bigarren edizioa izan da Arakistainek eta Lizardik irabazi dutena, iaz Berriatuan lehengoz jokatu ostean. Antolatzaileek lehiaketaren arrakasta azpimarratu zuten, eta emakumezkoen zesta-punta hazkunde betean dagoen adierazgarria dela ere gaineratu zuten.
Arakistain eta Lizardi aurreko barikuetan Miruaitz frontoian jokatu zen ligaxkako bigarren aurrelari eta atzelari onenak ere izendatu dituzte; izan ere, bikoteak atzetik aurrera egin du sailkapenean, finalerako sailkatu arte.
Aurreko urriaren 27ko finalean, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak izan zituzten aurkari, oso ondo elkar-ulertzen duen bikotea. Lehen setean, mutrikuarrak eta sopeloztarrak ideia argiakaz kantxaratu ziren eta min handia egin zieten aurkariei, pilota erreboteraino atzeratuz. Arakistainek ere lehiakideak baino hobeto bukatu zituen tantoak aurreko aldean eta, 9-15 bukatu zuten lehen seta.
Bigarren zatia lehiatuago egon zen eta Lejardi eta Lizardi aurrez aurre aritu ziren atzeko koadroetan. Biek maila handia erakutsi zuten, eta urdinen akatsek abantaila eman zieten markina-xemeindarrei. Hala ere, Arakistainek min egin handia zien aurrean, eta 13-13 berdindu ostean, hutsegite gutxiago egin zituzten eta txapela Arakistain eta Lizardirentzako izan zen azkenean.